Arabako Foru Aldundiak mugatu egingo du ibilgailuen zirkulazioa Gorbeiako pista eta bideetan

0

Arabako Foru Aldundiak mugatu egingo du ibilgailuen zirkulazioa abuztuaren 31tik —astelehena— urriaren 4ra, Gorbeiako natura parkeko marrualdi eremuko bide eta pistetan, hain zuzen ere, parkearen Arabako aldean, hau da, Zuiako eta Zigoitiko udalerrietan.

Neurri horrekin lortu nahi da ernaldian oreinen sakabanaketa geografikoa ekiditea, eta hautaketa naturala bultzatzea, kanpoko asaldurak ahalik eta gehien murriztuz. Izan ere, aurreko urteetan marrualdi garaian ibilgailuen zirkulazioa mugatzeari esker, espeziea hobetu da eta eremu horretan kalteak gutxitu dira.

Egur, zur, larre edo luberritze aprobetxamenduekin edo zientzia ikerketa baimenduekin lotura duten eta berariaz baimendurik dauden kasuetan izan ezik, debekatuta egongo da ibilgailuen trafikoa. Marrualdian zirkulazioa mugaturik izango duten pista eta bideak behar bezala seinaleztatuko dira. Era berean, zaldiz eta mendi bizikletaz egiteko ibilbideetarako ere parkeko arduradunen baimena beharko da.

Marrualdi sektorean oinez egitekoak diren ibilbideak Zidorren Sare Nagusian zehar egingo dira, eta ezingo da, inolaz ere, horietatik aldendu.

Parkeko kudeaketa organoak muga horien berri eman die dagoeneko udalei, administrazio batzarrei eta ehiza esparruei. Perretxikoak batzea ere galarazita egongo da epe horretan marrualdiaren eremuan, eta orobat premiazkoak ez diren basoko ekintzak ere, hala nola inausketak, bakanketak edo mehazketak.

Epe baterako murrizketa horrez gain, Arabako Foru Aldundiak gogorarazten du ezen pertsona baimendunak bakarrik ibil daitezkeela ibilgailuekin Gorbeiako bide eta pistetan (abeltzainak, nekazariak, finken ugazabak, basozainak eta abar).