Artolazabalek estatuari eskatu dio gizarte ekintzako proiektuak ere babestea europako funtsekin

0

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azken hilabeteetan autonomia-erkidegoetan pandemiak larriagotu edo azaleratutako desberdintasunei erantzuteko abian jarri diren eta kolektiborik kalteberenei zuzenduta dauden programak babesteko eskaera luzatu dio Espainiako Gobernuari. “Gure ustez, pertsonarik kalteberenen egoera lankidetza publiko-sozialetik abiatuta hobetzeko aukera dugu”.

Gizarte Eskubideetako estatu-idazkari Nacho Álvarezek deituta Covid-19ak gizarte-zerbitzuen esparruan dituen ondorioen jarraipena egiteko eta koordinatzeko egin den bileran parte hartu du gaur sailburuak. Bilera telematikoa izan da, eta Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunari Arreta Emateko Lurralde Kontseiluaren barruan egin da.

Bilera horretan, hirugarren sektore sozialeko euskal erakunde eta entitateak gizarte-zerbitzuen eremuan kalteberatasunik handieneko egoerei erantzuteko martxoaz geroztik aplikatzen ari diren ekintzen balioa jarri du agerian Artolazabalek. Ildo horretan azpimarratu duenez, premiaz sortu eta garatu ziren hainbat programa garatzen ari dira Euskadin joan den udaberriaz geroztik.

Artolazabalek adierazi duenez, “beharrezkoa da Espainiako Gobernuak pandemiak larriagotu edo azaleratutako desberdintasunak arintzeko autonomia-erkidegoetan aktibatu diren programetara funtsak bideratzea».

Inor Atzean Utzi Gabe funtsa

Azaldu duenez, Euskadiko Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren gizarte-bazterketako batzordearekin koordinatuta, Eusko Jaurlaritzak Inor Atzean Utzi Gabe izeneko funtsa jarri zuen abian alarma-egoera ezarri bezain laster. Funtsak 10 milioi euro zituen, eta, haren bitartez, hainbat ekimen abiarazi dira, hala nola:

  • Adineko kalteberei laguntza psikologikoa emateko programa bat.
  • Adikzioak dituzten pertsonen hurbileko jarraipena egiteko unitate mugikorrak.
  • Babesik txikieneko ikasleen eten digitala murrizteko eskolaz kanpoko ekimen bat.
  • Koronabirusaren ondorioz hil diren pertsonen senideek jasandako dolu traumatikoa eramateko laguntza.
  • Inklusio-ibilbide pertsonalizatuak konfinamenduaren asteetan gizarte-erakundeetara hurbildu ziren etxerik gabeko pertsonentzat.
  • Pobrezia-egoeran dauden eta orain arte diru-sarrerak bermatzeko euskal errenta-sistematik kanpo egon diren kolektiboentzako babes ekonomikoa.
  • Etorkinen elkarteekiko lankidetza eta bazterketa-egoeran dauden migratzaileentzako baliabideen gaikuntza, agerraldi berriak aurreikusita.

Horrez gain, sailburuak gogorarazi duenez, euskal telelaguntza-zerbitzua (betiON) sustatu egin da azken hilabeteetan, eta “erabiltzaileei eta haien familiei segurtasuna ematen dien oso tresna baliagarria» dela ikusi da. Ildo horretan, betiON zerbitzua “bakartasunaren aurkako oso tresna eraginkorra” dela azpimarratu du Artolazabalek”.