Athleticen Europako goleadak

0

Lehoiek Europan lortutako gol-kopururik handienak errepasatu ditugu. Gaur,, duela 8 urte, Athleticek bere goleadarik handienetako bat lortu zuen Europako txapelketako partida ofizial batean. 6-0 irabazi zuen HJK Helsinkiren aurka 2012-13ko Europa League-ko multzoen faserako txartela ematen zuen joaneko partidan. Athleticek kontinentean egindako goleadak gogoratu nahi izan ditugu, zuri-gorriek hiru gol edo gehiagoko aldearekin irabazi zituzten partiden emaitzak errepasatuz.

1976-77 denboraldian, bi markagailu handi lortu zituen UEFA Kopako finaleraino eramango zuen bidean. Final 1/32-etan, lehoiek 1-1 berdindu zuten joaneko partidan Ujpest Dozsaren aurka, eta ondoren 5-0 gainditu zuten talde hungariarra Dani Ruiz-Bazanen hat-trick batekin eta Txetxu Rojoren bi golei esker. Final 1/16-etan Basilea garaitu ondoren, Milan boteretsua Final-zortzirenetan zegoen zain: Urrezko baloia irabazi zuen Gianni Riverak eta Fabio Capellok jokatzen zuten talde hartan. 4-1 galdu zuen Milanek joaneko partida Dani eta Carlos Ruiz Herreroren bikotei esker. Athleticek 3-1 galdu zuen itzulerako partidan.

Hurrengo denboraldian, aurkari hungariar bera izan zen berriro ere lehoien biktima final-hamaseirenen itzuliko neurketan: joaneko partidako 2-0ekoa iraulita, 3-0ekoa lortu zuen Athleticek Daniren bi golei eta Fernando Tirapuren golari esker.

Joaneko partidako kontrako emaitza (2-0) iraulita ere, lehoiek Lech Poznan 4-0 gainditu zuten San Mamesen, 1983-84ko Europako Kopako 1/16ko itzulian, Andoni Goikoetxea, Miguel Angel Sola, Jose Maria Noriega eta Santi Urkiagaren golekin. Liverpoolek, hurrengo kanporaketan, Athletic txapelketatik kanporatu zuen.