Unai Simon: “Athleticen atea defendatzea nire ametsa izan da beti”

0

Athleticekin 2025era arte kontratua berritu ondoren, Unai Simonek Lezamako prentsa aretoan eskaini du prentsaurrekoa, taldearen entrenamenduaren ostean. Atezaina oso pozik agertu da epe luzerako taldean jarraitzeagatik: “Oso pozik nago beste bost urtez hemen egon ahal izateagatik. Hona iritsi nintzenetik klub honen balioak eta filosofia erakutsi zizkidaten, eta beti nahi izan dut Athleticen atea defendatzen egon. Hori izan da nire ametsa txikitatik”.

Etete-klausularik gabe berritzeko erabakiaren inguruan, Simonek honako hau azaldu du: “Athletici 14 urterekin sartu nintzenetik nigatik egin duen guztia eskerrak emateko modu bat da. Futbolari gisa ez ezik, pertsona gisa ere hezi naute. Bere semea banintz bezala zaindu ninduten, etxe bat bilatu zidaten, heziketa bat eman zidaten, ikastetxe batean matrikulatu ninduten, oso gustura egon naizen ikaskide asko ezagutu ditut… Ez dut Athleticez gain beste klubik ezagutzen, baina oso zaila ikusten dut beste batek hainbeste emateak. Eta hori eskertzeko modukoa da, eta elkarrekiko konfiantza erakusteko modua“.

Atezain zuri-gorriak negoziazioetan zehar klubean gelditzeko bere interes bakarra azpimarratu du: “Nire lehentasuna Athleticen berritzea zela esan nien nire ordezkariei, eta ez dut beste taldeen eskaintzen berri izan. Seguru asko egongo ziren, baina ez dizkidate helarazi, bazekitelako zein zen nire ideia. Orain berritzean, kontratua amaitu arte hemen jokatzea da nire asmoa, eta nire kirol-ibilbidea amaitu arte izatea espero dugu“.

Simonek ere hurrengo denboraldiari buruz hitz egin nahi izan du: “Lau lehiaketetan parte hartuko dugu, Koparen amaiera dugu, Superkopa, aurtengo Kopa eta Liga. Ilusioz beterik gaude aurrean dugun denboraldiagatik eta badakigu ezingo dugula gure zaleekin hasi, baina amets eta ilusio bat izango litzateke denboraldian zehar haiekin batera San Mamesen gozatzea, haiek ere merezi baitute“.

Espainiako selekzioarekin izan duen lehen deialdiak ere tartea izan du agerraldian: “Oso pozik nago aurreko denboraldian egindako lana kontuan hartzen delako. Egoera apartan amaitu nuen, urte ona egin ondoren. Luis Enriqueren deia jasotzea oso pozgarria da eta denboraldi on horri amaiera bikaina jartzea suposatzen du. Une polita da, eta bertan ezagutuko ditudan jokalari guztiez gozatu eta ikasi nahi dut”.