Astigarragako Ergobi auzoa kulturaz busti da

0

Bailarako gainontzeko herri eta auzoetan bezala, aurten ez dira festak ospatu Ergobin. Ez behintzat, ohiko moduan. Koronabirusagatik bertan behera utzi behar izan dira hainbat egitasmo eta ekitaldi, eta ezinezkoa izan da jaiak ospatzea. Hala ere, Ergobikoek egitarau berezia antolatu zuten. Ergobiko kultur eguna 2020 izenburupean, egun osoko plangintza antolatu zuen Danak Bat Ergobiko kultur elkarteak.

Segurtasun eta higiene neurri guztiak kontuan hartuta, egun polita izan zuten. Izan ere, antolatzaileek argi utzi zuten «oso garrantzitsua» zela tokian tokiko segurtasun neurri eta antolatzaileen gomendioak jarraitzea. Helduei maskarillaren erabilera beharrezkoa zela gogorarazi zieten eta gel desinfektantea ere eskuragarri jarri zuten, ekitaldi bakoitzera sartzeko. Eta eguneko hiru ekintzetan ere, segurtasun distantzia mantendu zuten ikusleek.