Reyes Azkoitiaren taldeak Laboral Kutxa Udako Torneoaren finala jokatuko du ostegunean

0

Zortzi jardunaldiren ostean, ostegunean, hilak 27, jokatuko dute Laboral Kutxa Udako Txapelketaren final nagusia, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 20:00etan hasita. Batetik, Reyes Azkoitia pilotari azkoitiarrak gidatu duen taldea iritsi da finalera —Olatz Arrizabalagak, Irantzu Etxebestek eta Nora Mendizabalek osatzen dute taldea—, eta bestetik, Mikel Inuntziagaren taldea —Iera Agirrek, Arrate Bergarak eta Amaia Aldaik osatzen dute hirukotea—.

COVID-19 gaitza dela eta, gehienez 600 pertsonako edukiera baimenduko dute Bizkaia pilotalekuan, eta ikusleek maskara eramateaz gain pilotalekuko osasun eta segurtasun arauak bete beharko dituzte. Bestalde, pilota partida zuzenean emango dute ETB1 katean; izan ere, aurtengo Laboral Kutxa Udako Torneoaren formatua desberdina izan da, Euskal Telebistak txapelketaren inguruko Plazandreak saioa egin baitu, eta partida guztiak telebistaz eskaini dituzte.