Bilbo, atxilotua emakume bati sexu-abusuak egiteagatik

0

Ertzaintzako agenteek gizonezko bat atxilotu zuten atzo, emakume bati Abandoko metro-estazioan sexu-ukituak egiteagatik. Atxilotuak sexu-askatasunaren kontrako delituen ondoriozko aurrekariak ditu.

Arratsaldeko zortziak inguru, neska gazte bat tren-geltokiaren eta metro-estazioaren arteko zona gurutzatzen ari zen Abandoko geltokian, atzetik ezezagun bat hurbildu, eta sexu-ukituak egin zizkionean. Erasotzaileak ihes egin, eta biktimak metroko langileen laguntza eskatu zuen.

Minutu batzuk geroago, Ertzaintzako patruila bat bertaratu, eta biktima artatu zuen. Ukituak egin zizkion gizonezkoaren deskribapenari esker, beste polizia-dotazio batek San Frantzisko kalean topatu zuen susmagarria. Atxilotu eta polizia-dependentzietara eraman zuten.

Atxilotuak, 45 urteko gizonezkoak, sexu-askatasunaren aurkako polizia-aurrekariak ditu, eta gaur goizean jarri dute epailearen esku.