Ostalaritzako lokala ikuskatzea eragotzi zuen emakumea atxilotu du Barakaldoko Tokiko Poliziak

0

Ostalaritza lokal bateko nagusietako bat atxilotu du Barakaldoko Tokiko Poliziak, ez zielako poliziei laga bere lokala ikuskatzera sartzen.  Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arlotik adierazi dutenez, Covid-19aren kutsatzeak gora egin izanaren karietara joan den abuztuaren 19an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dekretuz emandako azken neurrien kontrol prozeduraren barruan dago sartuta jarduketa.

Larunbatetik iganderako goizaldean suertatu zen gertakaria, ostalaritza lokaletarako onartutako irekitze-ordutegitik kanpo.  Zehazki, 03:30ak inguruan ohartu zen tokiko Polizia lokalaren barruan musika entzuten zela, ozen. Kanpotik egiaztatu zuten agenteek lokal barruan hainbat lagun zegoela edari alkoholdunak edaten eta erretzen, eta haietako hainbatek ez zuela musukoa jantzita.

Hala ere, lokaleko arduradunek ez zioten jaramonik egin bertan zirenak identifikatu eta jarduera bertan behera uztarazteko Tokiko Poliziak lokal barrura sartzen utz ziezaien egindako eskariari.  Hori ikusita, lokalaren baterako arduraduna atxilotu zuten, oldartu egin baitzitzaien instrukzio-eginkizuna egiten ez uzteko, eta lokalean ziren beste 7 lagunak identifikatu zituen, haietako bat ezkutatzen ahalegindu bazen ere.

Herritarren Segurtasun Arloko Ängel Madrazok deitoratu egin du gertatutakoa. Hala ere, ostalari gehienen orain arteko jokaera egokia izan dela eta «gertakari hori ez dela gainontzeko ostalari barakaldarren jokaeraren adibide» gogorarazi du, «behar bezala ari baitira betetzen ezarritako neurri guztiak».

Ildo beretik, Madrazok adierazi du 1.200 eurotik gorako isuna jasoko duela lokal arau-hausleak, Tokiko Poliziaren ikuskaritza-eginkizuna oztopatzeagatik, eta kopuru horri Eusko Jaurlaritzaren agindua ez betetzeagatiko ezarriko zaiona gehitu beharko zaiola .