57 enpresa startup berritzaileen bila dabiltza

0
PRUEBA

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza-plataformak irailaren 11n itxiko du 5. ediziorako izena emateko epea. Uztailaren 3tik mundu osoko startupak sar daitezke programa honen edizio berrian, Eusko Jaurlaritzaren SPRI – Enpresen Garapenerako Agentziaren laguntzaz, fabrikazio aurreratuaren, energiaren, osasunaren eta elikagaien arloetako 57 enpresa aitzindarirekin batera euren proiektuak garatzeko. Ekimena sortu zen industriaren eraldaketa digitala sustatzeko, konpainia handien eta talentu berrien arteko lankidetzaren bidez, eta aurten trakzio-enpresei Enagás, Erhardt, GH Cranes & Components, Ingeteam, Tubos Reunidos eta Vidrala batu zaizkie.

BIND 4.0k proiektu teknologikorik onenak bilatzen ditu mundu osoko startupen artean, eta helburu bikoitzarekin. Alde batetik, enpresa handiek berrikuntza azeleratzeko aukera izan dezaten eta euren lehiakortasuna sustatu eta hobetu dezaten, hain zuzen ere, startupen laguntzaz, berrikuntza-iturri arin eta eraginkor gisa. Eta, bestetik, nazioartean erreferentzia diren enpresa nagusien eskutik eta euskal industria-ekosistemarako zuzeneko sarbidearen bidez, startupak merkatura azkarrago irits daitezen.

BIND 4.0k mundu mailako profesionalek emandako mentoring zerbitzua eskaintzen die startupei, bai eta industriaren esparruan arrakasta izateko behar diren trebetasunak eta gaitasunak garatzeko formakuntza-programa betea ere. Bestalde, parte hartzeagatik soilik, hainbat finantzazio-iturri eta dirulaguntza ere eskura ditzakete, eta Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan (BIC) lan-espazio bat dohainik izateko aukera dute.

2019an aurkeztu ziren 577 hautagaietatik guztira mundu osoko 38 startup hautatu zituzten 53 proiektu garatzeko partner enpresekin lankidetzan, eta enpresen azelerazioan, teknologia berrien merkatu-estrategietan, berrikuntzan eta ekintzailetzan adituak diren 40 aholkularik baino gehiagok gidatuta. Baina ez hori bakarrik; BIND 4.0 programak Venture Club bat, inbertitzaile-elkarte bat, ere badu, azeleragailuaren espezializazioarekin lerrokaturik. Elkarte horren helburua da laguntza-zerbitzuak indartzea eta parte hartzen duten startupen eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremana sustatzea, finantziazio-aukera berriak sortzeko. Bosgarren edizio honetan elkarte hori teknologian eta industrian espezializatutako 18 inbertsio-funtsek osatuko dute.

Proiektuen fakturazio osoa 4,5 milioi eurokoa izan da

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataformak, bere azelerazio-programen bidez, guztira 108 startup azeleratu ditu eta 178 proiektu berritzaile garatu ditu fabrikazio aurreratuaren, energia adimendunaren eta osasunaren eta elikaduraren teknologiaren sektoreetan, orain arte egindako lau deialdietan. 2016an abian jarri zenetik 1.700 hautagaitza baino gehiago jaso ditu, eta kopuru horiek munduko berrikuntza- eta ekintzailetza-zentro nagusien artean kokatzen dute Euskadi. Izan ere, programa amaitu ondoren, sortu berri diren enpresen % 70ek jarraitzen dute lanean trakzio-enpresekin, eta 10 startupetatik 6k berritzen dute haiekin zuten kontratua. Ekimen honi hasiera eman zitzaionetik, 4,5 milioi euroko fakturazioa lortu dute guztira BIND 4.0n garatu diren proiektu guztiek.

BIND 4.0k aurten oso kontuan izango du COVID-19k eragindako osasun-krisiaren ondorio den egungo egoera deialdiaren alderdi guztietan, bai programaren antolakuntzan bai hautagaitzetan. Aurtengo edizioan, trakzio-enpresek teknologia berritzaileak dituzten startupak lehenesten eta kontratatzen jarraituko dute, haien digitalizazioarekin aurrera egin ahal izateko eta normaltasun berriaren erronkei aurre egiteko. Horregatik, bere lekua izango dute lan-ingurune berrietan sortutako beharrei aurre egiteko proiektuak planteatuko dituzten soluzio teknologikoek ere.

Oraindik ere garaiz zabiltza parte hartzeko!

Startupek irailaren 11ra arteko epea izango dute programaren webgunearen bidez (www.bind40.com) izena emateko. BIND 4.0k teknologia berrietan oinarrituta dauden eta industriaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreetan aplikatzekoak diren produktuak eta zerbitzuak dituzten bost kontinenteetako startupak bilatzen ditu. Horien soluzio teknologikoa jada merkatuan edo azken garapen-fasean egotea eta partner enpresei balioa eman ahal izatea ere eskatzen da.

Kontuan hartzeko datak:

  • 2020ko uztailak 3 ­– irailak 11: startupetako hautagaitzak jasoko dira
  • 2021eko urtarrilak 8: zein startup aukeratu diren jakinaraziko da
  • 2021eko urtarrilak 25: azelerazio-programa eta partnerrekin proiektuak hasiko dira
  • 2021eko uztailak 2: Demo Day, bosgarren deialdiko emaitzak aurkezteko eguna
  • Hautagaitzak bind40.com webgunean erregistratzea