Athletic Clubek Liga etxetik kanpo hasiko du Granadaren aurka irailaren 13an (igandea), Nuevo Los Carmenes zelaian. Gaizka Garitanoren taldeak Martinez Valeron itxiko du txapelketa, Elx CF igo berriaren aurka.
Realaren aurkako derbia (16. jar) abenduaren 30ean jokatuko da San Mamesen eta Reale Arenan apirilaren 4ean (29. jardunaldia). San Mameseko lehen bisitaria Bartzelona izan beharko litzateke, baina partida hori atzeratuta geratu da. Gauzak horrela, hirugarren jardunaldia Eibarren aurka jokatu ostean, etxeko lehen aurkaria Cadiz izango da, irailaren 30ean.
Athletic Santiago Bernabeura joango da abenduaren 15ean edo 16an, bi taldeentzat aurreratutako jardunaldian (Superkoparen ondorioz). Urtarrilaren amaieran Camp Noura bidaia egingo du eta San Mamesen Zidanen taldearen aurka arituko da, 37. jardunaldian.