Euskadin % 12 egin du behera trafikoak uztailean eta abuztuan

0
PRUEBA

Euskadiko errepideetako udako irteera eta itzulera operazioa inoiz ez bezalakoa izan da, eta auto-ilara gutxi sortu dira nazioarteko trafikoak behera egin izanaren eta barruko joan-etorriek gora egin izanaren ondorioz.

Oraindik iraileko datuak falta badira ere, egiazta daiteke uztailean % 11,23 eta abuztuan % 12,28 egin zuela behera trafikoak aurreko urteko aldi berekoarekin alderatuta, horixe izan da Euskadiko errepideetan berezia izan den uda honen ondorioetako bat. Osasun-krisi globalak eraginda, Marokok itxi egin zuen lehorreko muga eta bertan behera utzi zuen Itsasartea Zeharkatzeko Operazioa, eta horrek eragin du nabarmen gutxitzea garai honetan Euskadi zeharkatu ohi duen nazioarteko trafikoa.

“Aurtengo udan Euskadiko errepide-sarean barruko joan-etorriak eta inguruko autonomia-erkidegoetara, hala nola, Errioxara, Nafarroara, Kantabriara, Burgosera eta Iparraldera, bideratutako trafikoak erregistratu dira. Auto-ilarak, beraz, batez ere sortu dira A-8an, Kantabriarako noranzkoan, eta une jakin batzuetan Biriatuko pasabidean, kamioiak pilatu izanaren ondorioz. Inoiz ez bezalako udako irteera eta itzulera operazioa izan da aurtengoa, eta aurreko urteetan baino auto-ilara gutxiago sortu dira, beraz, eta trafikoa arinagoa izan da”, azaldu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak.

Istripuren bat gertatuz gero A-8ko zirkulazioa, Kantabriarako noranzkoan, zertxobait arindu ahal izateko, garabi bat egon da Barakaldo eta Kantabriarako muga bitartean uztailaren 31tik abuztuaren 2ra arteko asteburuan, abuztuaren 14tik 16rakoan eta abuztuaren 28tik 30erakoan.

Horrez gainera, aurten seinaleak jarri dira eta 5.000 liburuxka banatu dira AP-8ko eta AP-1eko zerbitzuguneetan COVID-19ren prebentziorako hartu beharreko higiene-neurriak gogorarazteko.