Euskal erakundeek eta nekazaritzaren sektoreak neurriak hartu dituzte Covid-19ari aurre egiteko

0

Nekazaritza produktuak biltzeko jarduerak eta Euskadiko hainbat eremu geografikotara, aurki, nekazaritzako sasoikako langile asko etorriko direla jakiteak bultzatu dituzte euskal erakundeak eta lehen sektorea prebentzio neurri espezifikoak hartzera, COVID-19arekin kutsatzeko arriskua murrizteko eta, horrela, kanpainen ohiko garapena bermatzeko.

Horrekin guztiarekin, beharrezkoa da prebentzio neurriak edukitzea eta zabaltzea, COVID-19ari eraginkortasun handiagoz aurre egiteko, eta, beraz, ezinbestekoa da nekazaritzako sasoikako lan eskariaren aurreikuspenak xehetasun handiagoz ezagutzea, egin beharreko osasun probak (PCRak, etab.) egoki kudeatzeko.

Egoera hori dela-eta, eta mahats bilketa eta patataren kanpainak zeinen hurbil dauden kontuan hartuta, beharrezkoa izan da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Osasun Sailak agindu bat diseinatzea, bai eta nekazaritza ustiategietarako segurtasun higieniko-sanitarioaren arloko jarduera protokolo bat osatzea ere. Osalanek egin du protokolo hori, eta sasoikako langileak kontratatuko dituzten nekazaritza enpresetan ezarri beharreko jardunbide egokiak zehazten ditu. Bidenabar, langileei emandako bizitokietan ere langileen artean COVID-19ak eragindako transmisioa eta infekzioa prebenitzeko baliagarria izango da.

Aginduaren helburua

Aginduaren helburua da indarrean dauden kontratazioak eta langileak kontratatzeko aurreikuspenak adierazteko betebeharra ezartzea, kontratazioak zuzenean edo enpresa bitartekarien bidez eginda ere, COVID-19aren pandemiak Euskadin eragindako osasun krisiari aurre egiteko.

Herritarren osasuna babesteko, Osasun Sailak sasoiko langileen osasun-kontrolerako eta -jarraipenerako jarduerak ezarriko ditu 2020ko nekazaritza-kanpainetan, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen probak zehaztuko ditu. Halaber, birusak kutsatutako pertsonak eta haien kontaktu estuak bakartzeko neurri egokiak hartzeaz arduratuko da. Era berean, laguntza emango dio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, toki- eta foru-erakundeekin lankidetzan, COVID-19ak jotako pertsonak edo kutsatutako pertsonekin harreman estuan egon diren eta berrogeialdia bete behar duten pertsonak bakartzeko espazioak gaitzeko.