Gasteizen atxilotu dituzte bost saltokitan ustez lapurreta egin zuten gazteak

0

Ertzainek 16 eta 18 urteko bi gazte atxilotu zituzten joan den igandean, egun horretan bertan, goizaldean, Arabako hiriburuko bost merkataritza-establezimendutan indarra erabiliz egindako lapurretak leporatuta. Lokal gehienetan kristalak hautsi zituzten barrura sartu eta kutxa erregistratzaileetako dirua lapurtzeko. Bestalde, Ertzaintza ikertzen ari da bezperan bi arrastatuek parte hartu ote zuten adineko emakume bati diru-zorroa lapurtzen; delitu horrengatik beste gazte bat atxilotu zuten aurretik.

Igande goizaldean indarra erabiliz bost lapurreta egin zituzten Zaramaga eta Koroatzea auzoetako hiru fruta-dendatan, harategi batean eta ileapaindegi batean. Adierazitako establezimenduetara sartzeko erakusleihoetako edo sarrerako ateetako kristalak hautsi zituzten, eta, ondoren, dirua lapurtu zuten edo kasuren batzuetan diru-kutxak, eta horietakoren bat inguruan aurkitu zuten.

Lapurreta horien berri izan bezain laster, Gasteizko Ertzain-etxeak dagokion polizia-ikerketa jarri zuen abian delituak argitzeko. Horrela, arratsaldeko ordu bat eta erdiak aldera, herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek ustezko lapurren deskribapen fisikoarekin bat zetozen bi gazte ikusi zituen Alde Zaharrean. Bi gazteak, polizia ikustean, korrika ihes egiten saiatu ziren, eta Udaltzaingoko patruila baten laguntzaz harrapatu zituzten. Identifikatu ondoren, biak atxilotuta eraman zituzten Ertzain-etxera adierazitako lapurretak leporatuta. Gazteetako batek egin berriak ziren ebakiak zituen eskuetan, eta lapurreta egin zuten lokaletakoren batean odol-arrastoak aurkitu zituzten hautsitako kristalen artean.

Diru-zorroa lapurtu zioten emakume bati

Bezperan, larunbatean, arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera, adineko emakume bati diru-zorroa kendu zioten Frantzia kale inguruan bere etxeko portalera sartzen ari zela. Emakumeari hiru pertsona hurbildu eta hizketan hasi zitzaizkion, eta bera konturatu gabe diru-zorroa kendu zioten poltsatik. Delitua beste pertsona batek ikusi zuen, eta emakumearekin egiaztatu ondoren diru-zorroa falta zitzaiola, hiru inplikatuen atzetik korrika abiatu zen, jada aldentzen ari baitziren. Beste herritar batzuen laguntzaz bat harrapatzea lortu zuen, eta beste biek, berriz, alde egin zuten arma zuri bat erakutsi ondoren. Bertara hurbildu zen Ertzaintzaren patruila batek atxilotu zuen 17 urteko gaztea. Biktimaren diru-zorroa inguruan aurkitu zuten, eta dirua falta zen.

Ertzaintza ikertzen ari da saltokietan egindako lapurretengatik arrastatutako bi inplikatuek parte hartu ote zuten adineko emakumeari egindako lapurretan ere.

Hiru gazteak jada eraman dituzte epailearen Aurrera.