Iker Muniain: “Oso denboraldi berezi baten aurrean gaude”

0

Denboraldi berriari begira, Iker Muniainek prentsaurrekoa eskaini du gaur Lezamako prentsa aretoan. Kapitain zuri-gorriak onartu du taldea denboraldi ez ohiko bat prestatzen ari dela, COVID-19ren pandemiak eragiten ari den inpaktuagatik, baina ilusioz beteta dagoela lehoiek aurrean dituzten erronka guztiengatik: “Ahalik eta goren egoteko asmoa izan behar dugu. Ilusioz beteriko denboraldia dator Superkoparekin, jokatu gabe dagoen Kopako finalarekin, Kopa berri bat eta beti zirraragarria den Ligarekin. Jendeak ikusi behar du denboraldi berezia dela. Denagatik lehiatzeko prestatzen ari gara. Espero dut denboraldi arrakastatsua izatea“.

Labetik atera berri den liga egutegiarekin, erdilariak Liga ondo abiatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Granadan hasiko dugu, eta talde horren aurka sentsazio ezberdinak izan ditugu. Kopako finalerako sailkatzea lortu genuen bertan eta Ligan zapore txarrarekin bukatu genuen. Hiru puntu lortzeko asmoarekin joango gara, eta horretarako prestatzen ari gara. Garrantzitsua da hasierako neurketak irabaztea“. Gainera, txapelketak izango dituen ezaugarri bereziak gehitu behar dira: “Moldatu behar gara. Aurreko denboraldian egoera berezi honekin amaitu genuen: zalerik gabe, egunero probak eginez. Zalantzarik gabe, San Mameseko publikoa gurekin egotea da aurten fitxaketarik onena. Zaleen falta sumatzen da, eta laster gurekin egotea espero dut“.

Lehen taldearekin denboraldi-aurrea egiten ari diren harrobiko jokalariei dagokienez, Muniain pozik agertu da guztiak erakusten ari diren maila eta gogoarekin: “Oso mutil langileak ikusten ari naiz, hobetzeko eta bertan gaudenengandik ikasteko gogoz. Oso pozik gaude gurekin dauden guztiekin. Etorkizun ona ikusten diet denei, eta talde honi ekarpen handia egingo diotela uste dut“.