Eskola Kirolean izena eman dezakete erakundeek

0

Egun hauetan ohikoa den bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak kirol-erakundeak Eskola Kirolaren programan izena emateko epea ireki du, eta 2020-2021 ikasturteko programan parte hartzeko baldintzen berri eman die erakundeei. Oraingoz, izena emateko prozesua Eskola Kirolaren jarduerak hasi gabe egin ahal izango da; izan ere, kirol-jarduerak pixkanaka aktibatuko dira, ikasturtea ondo hasi dela egiaztatzen denean. Jarduerak ikuslerik gabe egingo dira, eta ez dira aldagelak erabiliko.

Egoerak hobera egiten duen heinean, lehiaketei berriro ekitea proposatu ahal izango da. Baina egoera hobetu arte ezin izango da partidarik, txapelketarik, topaketarik edo antzeko jarduerarik egin, ezta «lagunartekoak» edo hastapen-eta teknifikazio-ikastaroak ere.

Covid-19ak ekarri duen egoera dela eta, aurten programan parte hartzeak aldaketa esanguratsu batzuk izango ditu aurreko denboraldiekin alderatuta.

Denboraldi honetan, COVID-19aren aurrean jarduteko arau orokorrak beteko dira programako jarduera guztietan. Dokumentu hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako kirol-arduradunek osatzen duten Eskola Kirolaren Euskal Batzordean adostu da, eta hiru lurraldeetako Eskola Kirolaren programan ezarriko da. EAEko eta lurraldeko kirol-federazioek lagundu dute dokumentua diseinatzen, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren onespena du.

Ikasturte honetan Eskola Kirolaren Programan parte hartu nahi duen erakunde orok araudiak nahitaez bete beharrekotzat jotzen dituen gai hauek bete beharko ditu:

– Parte hartzen duen erakundeak Covid-19aren aurrean jarduteko protokoloa izan beharko du. Protokolo hori ezinbestekoa izango da jarduerak hasi ahal izateko. Dena den, zeregin hori errazteko, Foru Aldundiak protokolo-eredu bat jarriko du denen esku. Bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituzten arau orokorrak izango ditu oinarritzat eredu horrek.

– Parte hartzen duen erakundeak osasun-arduradun bat izendatu beharko du, eta arduradun horren eginkizun nagusia Covid-19aren aurrean jarduteko protokoloa erakundean bertan betetzen dela zaintzea izango da.

– Parte-hartzaile guztiek (arduradunek, teknikariek, familiek eta tutoreek) erakundearen Covid-19aren Aurrean Jarduteko Protokoloa onartzeko akordioa aurkeztu beharko dute erakundean bertan. Akordio hori aurkeztea ezinbestekoa izango da Eskola Kirolaren Programan parte hartu ahal izateko.

– Erakundeko arduradun eta teknikari guztiek egin behar dute Eskola Kirolean Covid-19aren aurreko Prebentzio eta Segurtasun ikastaroa. Ikastaroa online egingo da, doan.