Euskarako dirulaguntzak eskatzeko epea ireki da Hondarribin

0

Hondarribiko Udalak 2020ko Euskara Arloko dirulaguntzen deialdia kaleratu du. Irailaren 15era arte egongo da zabalik eskatzeko epea, eta BAZen zein www.hondarribia.eus gunearen bidez egin beharko da.

Euskararen erabilera sustatzen duten ekintzei laguntza ekonomikoa emateko laguntzak dira. Euskara Batzordeak izango du haiek aztertzeko ardura. Guztira 27.600 euro banatuko ditu Udalak.

16 urtetik beherakoentzat udako ikastaroak antolatzen dituzten ikastetxeek (9.800€), euskara sustatzeko ekintzak antolatu dituzten talde edo elkarteek (7.000€),euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten 16 urtetik gorako herritarrek, baita euskarazko barnetegi edo ikastaroetara joandako herritarrek (7.000€), kanpoko errotulazioa euskaratutako establezimenduek (1.800€) eta webgunea euskaratutakoek (2.000€) eskatu ahal izango dituzte laguntzak.