‘Freskua!’, Zarauzko merkatu plazako aldizkaria

0

Zarauzko Udalak, Urola Kosta Landa Garapeneko Elkartearekin (URKOME) elkarlanean, Zarauzko Merkatu Plaza dinamizatzeko helburuarekin ‘FRESKUA!’ Zarauzko Merkatu Plazako aldizkariaren lehen alea kaleratu du.

Leire Arana (EAJ-PNV) Landa Garapeneko zinegotzi arduradunak adierazi duenez, aldizkaria euskaraz idatzi da eta urteko lau ale izango ditu, urtaro bakoitzaren hasierarekin batera kaleratuko direnak: “Lehen alea udaberrikoa izatea aurreikusten genuen, baina, pandemia egoerak guztia atzeratzera behartu gaitu eta, azkenean, lehen alea udakoa izango da. Ale bakoitzeko edukia Merkatu Plazarekin eta garaiko produktuekin erlazionatuta egongo da: Merkatu Plazako historia eta istorioak, ekoizle eta dendariei elkarrizketak, garaiko produktuak eta errezetak, aholku ezberdinak… Haurrek ere euren txokoa izango dute, margotzeko marrazkiekin eta denbora pasekin”.

‘FRESKUA!’ aldizkaria doakoa da eta Merkatu Plazako ekoizleen eta dendarien postuetan eskuratzeko aukera izango da.