Getxoko Jabekuntza Eskolaren ikastaroek eta tailerrek bizitza eta zaintza erdian jarriko dute

0

Irailaren 14tik 30ra bitartean zabalik egongo da Getxoko Udalak antolatutako  Emakumeen Jabekuntza Eskolaren ikasturte berrirako izena emateko epea. Eskola Basauriko, Ermuko eta Ondarroako udalerriekin sarean antolatuta dago, emakumeen ahalduntza bultzatzea eta politikan eta gizartean beraien parte hartzea sustatzea ahalbidetzeko. Eskola emakumeentzat ikasteko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko topalekua izateaz gain, adin eta jatorri guztietakoentzako esperientziak partekatzeko tokia ere da. Oraingoan, Covid 19ak eragindako egoera dela eta, ikastaro batzuk online bidez eskainiko dira, aurrez aurre egitea posible ez denean. Horregatik ikastaro guztiak doakoak izango dira, aurretik izena emanda. “Ikasturte berriari begira, arreta berezia jarri dugu koronabirusak gure bizitzetan duen eraginarekin zerikusia duten ikastaroak eta tailerrak antolatzeko, egoera honek agerian utzi baitu feminismoek planteatzen dutena, hau da, bizitza eta zaintza erdian jarri behar dugula. Bizitza krisian dagoela eta denon artean zaindu behar dugula”, nabarmendu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.