Getxophoto abiatzear da

0

Datorren ostegunean, irailak 3, abiatuko da Getxophoto-Nazioarteko Irudi Jaialdiaren hamalaugarren edizioa, «Kalera!» leloarekin eta osasun-krisiak markatuta, inoizko kale-programazio digital eta parte-hartzaileena izango duena.

Irantzu Uriarte Kultura zinegotziak berriro azpimarratu du Getxophoto ezinbesteko hitzordua dela irudiaren munduarekin eta udalerrian Sustapen Ekonomikoa bultzatzen duen kultur ekintza bat dela. «Getxophotok», esan du Uriartek, «erakunde publikoen eta inguruko eragile sozialen arteko elkarlana ere irudikatzen du».

Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak gogorarazi duenez, «osasun krisiak agintzen du eta gure planak egokitzera behartu gaitu. Hori dela eta, erakusketa ia guztiak aire zabalean egongo dira, eta programa oso bat diseinatu dugu, hainbat podcast, app eta proposamen digitalekin, sarean garatuko dena”.

Halaber, bere historiako jaialdirik hibridoenean estreinatuko diren sormen proiektuak egongo dira.

Aurtengo leloak, «Kalera!», espazio publikoa -fisikoa eta online- aldarrikatu nahi du elkartzeko eta elkar aitortzeko leku gisa; “protestarako agertoki eguneratu gisa eta esperimentazio-, jolas- eta ospakizun-eremu gisa”, Jon Uriarteren arabera, Getxophotoko komisario gisa estreinatu dena.

Jaialdiaren inaugurazio ofizialaren ekitaldia, “Opening”, ostiralean, irailak 4, 19:30ean izango da, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan. Jon Uriarte komisarioak, jaialdian parte hartu duten artistekin batera, aurkeztutako proposamenen errepaso bisuala egingo du.