Kontrata30 programak gazteak enpleguetan laneratzen lagunduko du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Kontrata30 izeneko kontrataziorako pizgarrien programa jarri du abian, programaren xede diren gazteen prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetan kualifikazioa duten gazte horiek lehen aldiz laneratzen laguntzeko.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak COVID19ak sortutako krisiaren testuinguruan garatu du praktiketako kontratazioa sustatzeko programa eta bi milioi euroko ezohiko inbertsioa du oinarri, munta hori Enplegu Planaren bost milioiei gehituta.

Praktikaldiko kontratua unibertsitateko titulua, LHko goi-mailako edo erdi-mailako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria duten 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago, lan-merkatuan sartzea zaila duen kolektiboa delako gaur egun osasun-krisiak lan-merkatuan izan duen eraginagatik.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, azaldu duenez, COVID 19ak eragindako osasun-krisiak enpleguan duen eraginari buruzko analisi eta diagnostikoetan unibertsitateko edo Lanbide Heziketako kualifikazioa duten gazteengan duen eragina nabarmentzen da.

Beraz, gazteak laneratzen laguntzeko programa bat da, eta, horrela, gazteen langabeziaren kronifikazioa prebenitzen da, bai eta enpresei lagundu ere, euren plantilletan talentua sar dezaten eta, horrela, enplegua berreskuratzen eta berroneratzen laguntzeko, zehaztu du.

Era berean, gogorarazi duenez, COVID 19aren krisiak ekoizpen-sektore askoren jarduera komertzial eta ekonomikoa hibernatzera behartu du eta, bereziki, autonomoen, ETEen eta mikroenpresen jarduera komertziala hibernatzera, eta horrek esan nahi du fakturazio eta likidezia falta handia dagoela enplegua mantentzeko, sortzeko eta talentu berria sartzeko orduan funtsezkoa dena.

Kontrata30 programaren barruan enpresarekin sinatutako kontratuaren bidez gazteak titulua duen lanbiderako ezagutza praktikoak eskuratzen ditu eta, horrela, dagoeneko eskuratutako ezagutza teorikoak osatzen ditu. Beste alde batetik, kontratu horren bidez, enpresei tituludun berriak kontratatzeko aukera ematen zaie, pertsona horiek, aldi berean, euren ikasketa-mailari egokitutako beharrezko esperientzia eskuratu ahal izan dezaten.