Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Egokitu 2020 zerbitzua abian jarri du

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Egokitu 2020 zerbitzu berria jarri du martxan, Kultura eta Sormen Industrien sektorean kudeaketa berritzaileagoa sustatzeko. Zerbitzua KSI Berritzaile programaren barruan kokatzen da, eta kulturaren zein sormenaren sektoreetako enpresei orientazioa eta laguntza ematea du helburu, egungo krisiaren ondorioz sortu diren erronkei hobeto hel diezaieten. Hala, besteak beste, laguntza eskainiko zaie finantzaketaren kudeaketa alda dezaten edo digitalizazioa aukerak susta ditzaten.

Kultura eta Sormen Industrien kontzeptuak sormenari lotutako eta tradizioz kulturaren ertzetan kokatutako diziplinak (diseinua, arkitektura, moda, artisautza, hizkuntzaren industriak, bideo-jokoak…) aintzat hartzen ditu, kultura sektoreekin batera (musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizioa, kultura-ondarea…). ELGEk baieztatu duenez, Kultura eta Sormen Industriak Covid 19ren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreetako bat dira, turismo-sektorearekin batera. Egoera horren aurrean, kasu askotan, KSIek beren estrategia guztia birbideratu eta eguneratu beharko dute, hainbat eremutan. Egokitu zerbitzua, hain zuzen ere, kultura- eta sormen-enpresei orientazioa eta laguntza ematera bideratuta dago, krisi honen ondorioz sortzen diren erronkei irtenbideak bilatzeko.

Batetik, negozio-ereduarekin eta finantzaketaren kudeaketarekin lotutako erronka horiei aurre egiteko, laguntza eta orientazioa beharko dituzte:

  • Gure negozio eredua egokitu dezakegu? Nola?
  • Zer tresna eta baliabide behar dira birpentsatutako negozio-ereduetarako?
  • Nola kudea daitezke modu eraginkorragoan baliabide ekonomiko-finantzarioak?
  • Zein gaitasun izango dira beharrezkoak?
  • Nolakoa izango da bezeroekiko harremana? Zer kanal berri ezarri beharko ditugu bezeroak erakartzeko?

Bestalde, teknologia digitalaren eraginez, eskaera handiena duten produktuak eta zerbitzuak aldatzen ari dira, bai eta sormen-prozesuak eta merkaturako sarbidea ere. Testuinguru horretan, teknologiak aldaketa-egoera berrien aurrean negozioa indartzeko eskaintzen dituen aukerak ezagutzea behar-beharrezkoa da:

  • Zer teknologiek ahalbidetzen dute egungo produktua edo zerbitzua mundu digitalera egokitzea?
  • Zer irtenbide daude merkatuan eskuragarri, egungo produktua edo zerbitzua mundu digitalera egokitzen laguntzeko?
  • Zer teknologia izan daiteke lagungarri enpresaren prozesuak digitalizatzeko, telelana edo lankidetzako sorkuntza prozesuak barne?
  • Enpresaren produktuak eta zerbitzuak banatzeko, merkaturatzeko eta monetizatzeko zer modu berri agertzen dira mundu digitalean?
  • Nola eskuratu daitezke banaketa, merkaturatze eta monetizazio modu horiek?

Bi erabiltzaile motari zuzendutako zerbitzua izango da:

  • KSI enpresak edo erakundeak banaka
  • Premia edo arazo komun bat duten enpresa-taldeak

Egokitu 2020 – KSI Enpresak

Egokitu 2020 – KSI enpresak kultura- eta sormen-enpresei eta erakundeei eskainitako zerbitzu indibiduala izango da, expres diagnostiko batean oinarritua, lehentasunezko beharrak identifikatzen eta aldaketarako erabakirik onena hartzen laguntzeko. Expres diagnostikoaren emaitzak ondorengo zerbitzu motak eskaini ahal izatea ahalbidetuko du:

  • Negozio-ereduari eta finantzaketaren kudeaketari dagokienez, 10 ordura arteko aholkularitza-laguntza eskainiko da, behar edo arazo jakin bati buruzko aholkularitza pertsonalizatuarekin.
  • Digitalizazioari dagokionez, 10 ordura arteko laguntza-zerbitzu bat eskainiko da, digitalizazioak KSIen produktuak eta prozesuak hobetzeko eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.

Egokitu 2020 – Taldeak

Egokitu 2020- Taldeak zerbitzua gai edo arazo komun baten inguruan bildutako enpresa-taldeek edo nodo/elkarteek egin beharreko txosten batean oinarrituko da.

Txostenaren analisiak ondorengo zerbitzu motak eskaintzea ahalbidetuko du:

  • Negozio-ereduari eta finantzaketaren kudeaketari dagokienez, 20 ordura arteko aholkularitza-laguntza txikia eskainiko da, behar edo arazo jakin bati buruzko aholkularitza pertsonalizatuarekin.
  • Digitalizazioari dagokionez, laguntza-zerbitzu bat eskainiko da, gehienez ere 25 ordukoa, landutako problematikan digitalizazioak izan dezakeen eraginari buruzko zalantzak argitzeko.

Enpresa Taldetzat hartzeko, behintzat 3 enpresak osatu beharko dute taldea, edo enpresa birek +dagokion gune/Elkartea.

Egokitu 2020 – Webinar-ak

EGOKITU 2020 programak, halaber, online prestakuntza eskainiko du, adituek emandako Webinar-en bidez. 10 online formaziora arte egingo dira (Webinar), bi ordu ingurukoak, 2020ko irailaren eta abenduaren artean, gai desberdinetan, adibidez, estrategia, bezeroak, berrikuntza, lidergoa edo digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak. Webinar-ak irekiak izango dira, garatu beharreko gaietan interesa duen orori zuzenduta egongo dira, eta ez Egokitu 2020 zerbitzuaren onuradun diren enpresei edo enpresa-taldeei bakarrik.

Epeak: zerbitzua 2020ko irailaren 1ean ireki da, eta ezarritako baliabideak agortu arte egongo da indarrean, gehienez ere 2020ko azaroaren 30era arte.