“Elkarlan” sarien seigarren edizioa deitu da

0

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, gaur, “AGINDUA, 2020ko uztailaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien seigarren deialdia (2020. urtea)” argitaratu da. Sari horien helburua da balio publiko partekatua sortzea modu berritzailean sustatzen duten proiektuak aintzatestea, gizarteko erronkak eta beharrak asetzeko. Gainera, bosgarren edizioan egin zen bezala, Eusko Jaurlaritzaren helburua da, halaber, sariaren bidez “beste eragile batzuek parte hartzeko bide emateko formulak transferitzen laguntzea, horrela, Euskadin balio publikoa batera sortzeko ikaskuntza- eta elkarlan-sarea finkatzeko”.

Proiektuek, funtsezko ezaugarri gisa, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonak eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko duten gaitasuna erakutsi beharko dute.

Aurkeztutako proiektuek ezarrita egon behar dute edo pilotu-fase aurreratuan. Hautaketa-batzorde batek –bertan aurreko deialdiko saridunek parte hartuko dute– baloratuko du proiektuek balio publikoa eta soziala sustatzea, ahalduntze-eredu izatea, izaera berritzailea izatea, pertsona eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko modua beste eremu edo lurralde-espazio batzuetara eramateko gai izatea, haien diseinuan eta ezarpenean genero-ikuspegia jasotzea eta aurkezpenean kalitatea, koherentzia eta argitasuna erakustea.

36.000 EURO

Deialdia zuzentzen zaie eskabidea aurkezteko egunean helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta beren jarduera nagusia bertan egiten duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoei, eta haiei baino ez. Hautatutako lau proiektuetako bakoitzak honako sari hau izango du:

  • 6.000 euro, proiektu onenaren aintzatespen gisa.
  • 3.000 euro, jardunbide egokiak transferitzeko prozesuari aplikatzeko.
  • Kanpo-aholkularitza beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.
  • Saritutako proiektua informazio-bide eta komunikabideetan zabaltzea.

Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da eta eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. 

GOBERNUAREN HELBURU ESTRATEGIKOA

2016-2020 gobernu-programak honako helburu hau aurreikusten du, besteak beste: administrazio irekia, gardena eta eraginkorra, herritarren parte-hartzea sustatuko duena eta, ekimen gisa, 2014an onetsitako Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriko konpromisoak betetzea sustatuko duena. Liburu Zuriak, besteak beste, honako konpromiso hau jaso du: “esperientzia berritzaileak garatzea sustatzen da, gure kultura demokratikoan berriak izan eta parte-hartzeari bide emateko formulak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuentzako laguntzaren bidez.” “Elkarlan” sarien deialdiak, hala, helburu estrategiko horri erantzuten dio.