Iñigo Urkullu Lehendakaria autonomia-erkidegoen arteko elkarlanaren alde agertu da, gizartea informatzeko, kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta Covid 19aren aurreko konpromiso “pertsonala eta soziala” nabarmendu du. Urkulluk, gaur goizean, Pedro Sánchezek telematikoki deitutako lehendakari autonomikoen bileran parte hartu du.
Alberto Núñez Feijoori Galiziako lehendakari izendatu izanagatik zorionak eman ondoren, Lehendakariak gainerako lehendakariei Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren aurrean duen estrategiaren berri eman die. Estrategiak hiru lehentasun ditu:
Osasun-arloko lehentasuna. Txerto eta tratamendu eraginkorrik egon arte, birusarekin bizi behar dugu eta, hala, kolapso sanitarioa ekidin behar da; horretarako, etengabe kontaktuen eta kutsaduren jarraipena eta bilaketa egin behar da.
Era berean gogorarazi du Euskadin ospitalizazioen eta ZIUko oheen egoera kontrolpean dagoela.
Lehentasun sozioekonomikoa. Kolapso ekonomikoa ekidin behar da, eta, aldi berean, egoera ahulenean dauden pertsona, familia eta enpresak babestu behar dira.
Lehendakaria ABEEEak luzatzearen alde agertu da, pandemiaren ondorioek irauten duten bitartean, eta egoera zaila bizi duten sektore eragileentzako -besteak beste aeronautika, automobilgintza edo makina-erreminta- laguntza bereziko neurriak antolatzearen alde agertu da.
Urkullu, gainera, Next Generation Europako Funtsak aktibatzeko ekintza koordinatuko ardatza adostearen alde agertu da.
Hezkuntza-arloko lehentasuna. Hezkuntzako kolapsoa ekiditeko, halaber, Eusko Jaurlaritzak oro har aurrez aurreko hezkuntza ziurtatzeko eta ikasgeletara buelta antolatua, prebentziozkoa eta jasangarria izateko onetsi duen protokoloa aipatu du Lehendakariak.
Hori horrela, Lehendakaria ados agertu da autonomia-erkidegoen baterako adierazpena onestearekin; izan ere, azaldu duenez, adierazpen horren baldintzak bat datoz, funtsean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasgeletara itzultzeko prestatu duen planaren ildo nagusiekin.