2020-2021 ikasturte hasiera

0

Irailaren 7an hasiko da, astelehenean, 2020-2021 ikasturtea Euskadin, 370.000 ikasle ingururekin, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan. Datu horrek %0,67-ko jaitsiera esan nahi du joan zen ikasturtearekin alderatuta, unibertsitate aurreko etapetan. Jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, azken urteetan gertatu den bezala, beherakadarik nabarmenena Haur Hezkuntzan gertatu da (0-5 urte tartean), 4.938 ikasle gutxiagorekin (%5,9 gutxiago). Lehen Hezkuntzan ere –aurreko ikasturtean hasi zen beherakada hori nabaritzen etapa honetan- ikasgeletara itzultzea 1.593 haur gutxiagorekin gertatuko da (% 1,22 gutxiago).

Familiek seme-alabak eskolatzeko aukeratzen duten sareari dagokionez, sare publikoa nahiz itunpeko pribatuaren arteko orekak Euskal Hezkuntza Sistemaren ezaugarri izaten jarraitzen du, baina erdiek baino gehiagok aukeratzen dute publikoa. Familien %50,9k sare hau aukeratzen du, eta % 49,1ek, berriz, itunpeko edo pribatua.

Hizkuntza-ereduei dagokienez, azken urteetako joerak jarraitzen du: D eredua da ikasle guztien artean hautatuena, eta Haur Hezkuntzan hazten jarraitzen du: 3-5 urteko adin-tartean, 0,8 puntu egin du gora, ikasleen % 81,2 D ereduan egonik. B eredua %15,6k aukeratu du, eta A eredua, berriz, familien % 3,2k adin tarte horretan.

Lanbide Heziketan, aurrematrikula datuek igoera erakusten dute ikasle kopuruan (%4,35 gehiago). Dena den, Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da igoera hori aipaturikoa baino handiagoa izango dela urrian, matrikula epea ixtean. Lanbide Heziketan, era berean, datuek erakusten dute ikasgaiak euskaraz ematen dituzten ereduek gora egin dutela. D eredua %21,3tik %21,8ra igaro da aurreko ikasturtetik hona, eta B ereduan 1,2 puntukoa da igoera, % 18,8tik %20ra.

2020-2021 ikasturte berri honetan ikasgeletarako itzulera mailakatua izango da. Irailaren 7an, astelehenean, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak hasiko dira itzultzen. DBHko 3. eta 4. mailakoak eta Batxilergokoak irailaren 15ean; eta Lanbide Heziketan, berriz, hilaren 14tik aurrera eta irailean zehar itzuliko dira, mailaren eta zikloen arabera.