Barakaldoko Udalak instalazio publikoetako garbiketa eta desinfekzioa indartu ditu

0

Barakaldoko Udala ikasturte berriari aurre egiteko prestatu da, hainbat neurri abian jarrita. Lehenengoa, garbiketa- eta desinfekzio-zerbitzu gehigarri bat aktibatzea, instalazio publikoak Covid-19ren aurrean babestuta edukitzeko. Gainera, Eudelekin koordinatuta aritu  da hezkuntza-lokal gisa erabil daitezkeen udal espazioak ezartzeko, eta Udaltzaingoarekin eta Babes Zibilarekin batera lan egin du eskoletara itzultzeko lehen egunetan ikasleen sarreretan eta irteeretan laguntzeko.

Sei hilabetez ekipamendu, ikastetxe eta kultur etxe askotan aurrez aurreko jarduerarik gabe egon ondoren, ateak irekiko dituzte berriro. Jarduera berriari aurre egiteko, indargarri bat antolatu da, udal instalazioak eta lokalak garbitzeko zerbitzuaren indarreko kontratua aldatuz. «Guztion artean gure auzokideei osasun-berme guztiei eusteko behar diren tresnak eman behar dizkiegu; hori dela eta, Udalak milioi bat euro gehiago inbertituko du osasun-agintariek gomendatzen dituzten garbiketa- eta desinfekzio-lanak egiteko, baldin eta gaur egungo egoerak 2021ean bere horretan irauten badu», azpimarratu du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

«Espazio publikoetako garbiketaren inguruko prebentzio-neurriak (ikastetxeetakoak, adibidez) ezagutu ondoren, horiek betetzeko egin beharreko lanaren gutxi gorabeherako kalkulu bat egin da, eta, enpresa kudeatzailearekin bat etorriz, kontratua luzatu da zerbitzua egungo egoeraren arabera eman ahal izateko eta pandemiaren bilakaeraren arabera sor daitezkeenei erantzuteko», azaldu du Del Campok. «Udal kutxak 340.000 euroko kostua izango du irailetik abendura bitarteko lauhilekoan. Egungo egoerak 2021ean jarraituko balu, milioi bat euro inguruko inbertsioa egin ahal izango da zerbitzu hori emateko. «Begi-bistakoa da ezohiko gastu hori ahalegin handia dela Udalaren kutxarako, jasoko ditugun 12 milioi euroko diru-sarrerei eta familia ahulenei laguntzeko 6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioari gehitu behar baitzaie. Udalok laguntza behar dugu gastu horiei aurre egiteko, eta Europatik heldu diren laguntzak Udaletara ere iristea espero dugu», azpimarratu du Del Campok.

Hala, bada, datorren astelehenetik aurrera, udal instalazioek hiru garbiketa izango dituzte egunero, eta arreta berezia jarriko da erabilera komuneko zonetan, erabiltzaile edo ikasleen eta langileen gune pribatuetan, bainugeletan, eta abarretan. «Eskerrak eman nahi dizkiet zerbitzu honen ardura duen enpresari eta langileei akordioetara iristeko eta lan garrantzitsu hori egiteko prest egoteagatik», adierazi du alkateak.

Ikastetxeei dagokienez, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek jasoko dute neurri hori, hala nola Haur Eskolek, Euskaltegiak, Udal Musika Kontserbatorioak, Gurutzetako Haurreskolak, HHEk, Bituritxa HHIk eta Larrazabalgo Eskolek. Ekimenak, halaber, udaleko gainerako instalazio eta lokalak ere hartzen ditu, hala kulturaren nola gizartearen arlokoak.