Elkarrekin arituko dira lanean Barakaldoko Toki Polizia eta Babes Zibila ikasturtea hastean

0

Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasun Arloko zinegotzi Ángel Madrazoak jakinarazi duenez, Toki Poliziako agenteek eta Babes Zibileko kideek laguntza emango diete ikastetxeei ikasturtearen lehenengo egunetan, sarrera-irteerak errazago egin daitezen. Helburua da eskoletako sarrera-irteerak modu seguruan egitea, jende arteko tarteak gorde behar direla, musukoa erabili behar dela eta saihets daitezkeen guraso edo ikasle pilaketarik gertatu behar ez dela gogoraraziz.

Alde horretatik, ikastetxetik sartu-irteterakoan ikaslea pertsona bakar batek laguntzea aholkatzen du Madrazok, horrela errazago beteko baitituzte guraso-ikasleek Covid-19aren kutsatzeei aurrea hartzeko osasun agintariek ezarritako neurriak.

«Ikastetxeetako ikasleen joan-etorriak kontrolatzeko abian jarri dituzten zenbait neurri jakinarazi dizkigute bertako arduradunek, eta hainbatek kezka ere agertu izan digu», azaldu du Ángel Madrazok. Horregatik, Herritarren Segurtasun Arloak uste du lagungarria izan litekeela Toki Poliziako agenteak bezala Babes Zibileko boluntarioak ere ikastetxeetara bertaratzea, eskola bakoitzerako ezarritako arauak babesteko.

Madrazok aurreratu duenez, «antolamendu-ahalegina handia izango da, Barakaldok, gaur egun, lehen eta bigarren hezkuntzako hogei bat ikastetxe baitauzka, publikoak eta hitzartuak kontuan hartuta. Datorren astetik aurrera koordinatuko gara ikastetxe bakoitzeko arduradunekin».

Osasun neurriak (musukoa janztea, jende arteko tartea….) betetzen direla kontrolatzeaz gainera,  Barakaldoko Toki Poliziak eta Babes Zibilak batera antolatutako eginkizunen artean dago ikastetxe inguruetan trafikoa zaindu eta arautzea.