Eusko Jaurlaritzak 5 milioi eurora igoko ditu enpresetan makineria aurreratua ezartzeko eta ETEak ekonomikoki suspertzeko laguntzak

0

Eusko Jaurlaritzak 5 milioi eurora igoko ditu Renove Industria 4.0 programako laguntzak, enpresetan makineria aurreratua ezartzeko eta euskal ETEei ekonomikoki suspertzen laguntzeko. SPRI Taldearen bitartez abiarazitako ekimen hori datorren irailaren 8an irekiko  da, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 22an bukatuko da. Renove Industria 4.0 planaren bigarren edizio honen helburua da laguntzak ematea makineria eta ekipamendu aurreratua erosteko eta industria iraultza berriaren barruan kokatutako proiektuak garatzeko.

Renove Industria 4.0 planak 100.000 eurorainoko dirulaguntzak emango ditu enpresa bakoitzeko, makineria berria edota ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) erosteko eta proiektuarekin lotutako aholkularitza gastuak ordaintzeko. Eskaera bakoitzerako onartutako gehienezko gastu eta inbertsio-aurrekontuekiko dirulaguntza-portzentajea %50ekoa izango da.

Programa honek iaz 4 milioi euroko aurrekontua izan zuen, eta arrakasta itzela lortu zuen, dirulaguntzak banatu baitzituen 92 euskal enpresak aurkeztutako 98 proiektutarako, zeintzuen bitartez 31,8 milioi eurorainoko inbertsio berriak proposatu ziren makineria aurreratua erosteko.

Laguntza hauen helburua da Industria 4.0ren proiektuak inplementatzera bideratutako makineria edo ekipamendu aurreratua erosten laguntzea, fabrikazio aurreratuaren esparruko teknologiak aplikatzeko Euskadiko Autonomia Erkidegoko manufaktura-enpresa industrialetan.

Hala,  makineria eta ekipamendu aurreratu horrek bideratzaile lana egin beharko du, aukera emanez Euskal Autonomi Erkidegoko enpresa industrialei Industria 4.0ko proiektuak gauzatzeko teknologia berritzaileak erabiliz, besteak beste, analitika aurreratua, IoT edo fabrikazio gehigarria.

Ohiko 4.0 makineria produktiboaz harago (tornuak, fresagailuak, artezteko makinak, e.a.), proiektuetan aurkeztuko den ekipamendu aurreratuak talde hauetakoren batekoa izan behar du eta enpresetako lantegi eta produkzio-prozesuen digitalizazioranzko konbergentzia ahalbidetuko du: sentsorika, robotika, errealitate areagotuko betaurrekoak, sareko HW/SW ekipoak edo komunikazio-ekipoak, eta abar.

Hala, diruz lagundu daitezkeen proiektuek teknologia hauek erabili behar dituzte: Big Data eta analitika aurreratuko teknikak txertatuta dituen fabrikazio aurreratua; fabrikazio gehigarria; robotika aurreratua eta kolaboratiboa, langileekin denbora errealean kolaboratzen duten robot konektatuekin; Eliot (Industrial Internet of Things) proiektuak, aukera ematen dutenak sentsoreak jartzeko eta lantegiko gailu nahiz makineria guztia Internetera konektatzeko; edo ingurune industrialetara bideratutako Adimen Artifizialeko teknologiak, non makinak edo lantegiko ekipamenduak gai izango baitira ikasteko eta erabakiak autonomoki hartzeko.

Gainera, laguntzak emango dira: sistema ziber-fisikoen proiektuentzat, zeintzuek lantegian txertatuko baitituzte konputazio-gaitasun eta konektagarritasun aurreratuak dituzten osagaiak, objektu fisikoak edo makineria, objektu adimendun bihurtu daitezen enpresa jakin bateko balio-katean; Errealitate Birtualeko proiektuentzat, zeintzuek egiazko egoerak birsortuko baitituzte mundu simulatuetan edo giro birtualetan, eta baita ere Errealitate Areagotuaren arloko proiektuentzat, zeintzuetan erabiltzaileak mundu hori bistaratuko baitu informazio grafiko erantsia duen gailu teknologiko baten bidez; biki digitalen proiektuentzat (Digital Twins), zeintzuen bidez objektu edo sistema baten erreplika birtual bat sortuko baita, bere homologo errealaren portaera imitatuko duena gero monitorizatzeko, egoera jakin batzuetan nola jokatzen duen aztertzeko eta, horrela, eraginkortasuna hobetzeko.

Makineria berriak eta ekipamendu aurreratuak gutxienez 50.000 euro (BEZ kontuan hartu gabe) balio behar du. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta martxan jarritakoak izan behar dira, eta kasu guztietan erosketa formalizatu eta hurrengo 12 hilabeteetan.