Urkulluk omenaldia egingo die migratzaile guztiei eta Iparragirreri Diasporaren Egunean

0
.
PRUEBA

Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi instituzionala Ormaiztegin (Gipuzkoa) izango da datorren asteartean, irailak 8. Euskal Diasporaren Eguna urtero ospatzen da data horretan eta 2020koa hirugarren edizioa da. Ordubete inguruko ekitaldi instituzional xume bat izango da (16:00etatik 17:00etara), eta covid 19aren aurka borrokatzeko abian jarritako neurriak zorrotz errespetatuz egingo da. Beraz, edukiera mugatuko ekitaldia izango da, eta publiko orokorrarentzat ez da lekurik egongo.

Ekitaldi horretan Iñigo Urkullu lehendakaria izango da buru, eta bertan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek eta Ormaiztegiko (ospakizuna hartuko duen herria baita) eta Urretxuko (Jose Maria Iparragirre bardoaren jaioterria izateagatik) alkateek. Ekitaldi instituzionalean, bideo bat proiektatuko da, eta, Ormaiztegin izango den txistulariaren doinura dantzariak arituko dira Txile, Suitza, San Frantzisko, Salt Lake City, Buenos Aires, Mar del Plata, Cañuelas, Reno, Montevideo, Boise, Sydney eta Madrildik.

Horren ondoren, Jose Kruz Gurrutxaga eta Miren Arrieta aktoreek Iparragirre eta bere emaztearen arteko elkarrizketa bat antzeztuko dute.

Ekitaldi instituzionala Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzekin amaituko da. Gernikan kargua hartu ondoren Lehendakariak egingo duen lehen ekitaldi publikoa izango da, eta berton munduko euskaldun guztiei zuzenduko zaie.

Ospakizuna Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan egingo da. Kultura gune horretan ikusgai dago 1842an «Leopoldina Rosa» fragata Ameriketara bidean hondoratzeari buruzko erakusketa. Hondoratze horretan euskal emigrante asko hil ziren itota, eta erakusketak XIX. mendeko euskal  emigrazioei eta egungo migrazio-fenomenoari buruzko gogoeta egiten du.

Era berean, ekitaldiak omenaldi keinu bat egin nahi die 2020an bat egiten duten bi efemerideei: Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena eta «Gernikako Arbola» ereserkia sortu zenetik 167 urte igaro direla; zeren eta Urretxuko bardoak ereserkia konposatu zuenerako, hamar urte baino gehiago emanda baitzituen berak ere emigrante gisa Europan eta Amerikan.

Bestalde, Munduko euskal etxe guztientzat, Eusko Jaurlaritzak bideo bat grabatzea proposatu die euskal etxeei, haiek egingo dituzten Euskal Diasporaren Eguneko ospakizunak erakutsiz, eta Irailaren 13tik aurrera munduko euskal etxeek Euskal Diasporaren Eguneko ospakizunak bilduko dituen bideo hori zabalduko da.