Zarautzen atxilotua autoan marihuana kopuru esanguratsua aurkitu ondoren

0

Ertzainek 20 eta 24 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur, astelehena, goizaldean, Zarautzen, droga-trafikoa eta agenteen aurkako atentatua leporatuta. Gazteek ihes egin dute kontrol batean, eta ertzainek baztertu egin behar izan dute haien autoak harrapa ez zitzan. Ihesi zihoazela polizia-auto bat jo dute. Agenteek, atzeman dituztenean, egiaztatu ahal izan dute marihuana kopuru esanguratsua zeramatela autoan.

Goizaldeko ordu biak aldera, Zarautzen zaintza-lanetan ari zen patruila batek auto bat ikusi du Asti auzoan argiak itzalita zirkulatzen. Horren aurrean, autoa geldiarazi egin dute, eta bidaiariak identifikatzera zihoazela, gidariak azeleratu eta ihes egiteko ahalegina egin du. Agenteek baztertu egin behar izan dute autoak harrapa ez zitzan. Gertatutakoaren berri izan ondoren, inguruan zebilen beste patruila batek bidea itxi die polizia-autoa bidean gurutzatuta, eta ihesi zihoan autoa bertara iritsi denean, igarotzen saiatu da eta patruila-autoa jo du.

Une horretan, autoan zihoazen bi bidaiariak autotik jaitsi dira eta korrika ihes egiten saiatu dira, baina inguruan atzeman dituzte. Auto barruan plastikozko poltsa beltz handi bat aurkitu dute, eta poltsa barruan substantzia berde bat, ustez marihuana, zegoen. Bestalde, ihesi zihoazela lurrera bota duten motxila batean ere substantzia bera aurkitu dute.

Bi gazteak, 20 eta 24 urtekoak, drogarekin trafikatzea eta agenteen aurkako atentatua leporatuta atxilotu dituzte, eta polizia-egoitzara eraman dituzte beharrezko izapideak egin ondoren epailearengana eramateko.