Bilboko Udaltzaingoak 1.647 salaketa jarri ditu alarma egoeraren amaiera agindu zenetik

0

Bilboko Udaltzaingoak 1.647 salaketa egin ditu, guztira, ekainaren 18an alarma egoeraren amaiera agindu zenetik hasi eta abuztuaren 31ra arte ezarritako zehapenak kontatuz. Horrela ondorioztatzen du Segurtasun Arloak egindako egoeraren azterketak.

Osasuneko sailburuak ekainaren 18an eta uztailaren 15ean emandako aginduen urraketak dira (eta ostalaritzako ordutegiak murriztuz emandako agindu eguneratuena). Haietako lehenak hainbat higiene eta prebentzio neurri arautzen zituen, hala nola pertsonen artean gorde beharreko 1,5 metroko segurtasun tarteak edo ostalaritzako jende kopuruaren mugak, besteak beste.

Neurri gehiago eman ziren, berriz, uztailaren 15eko Aginduaren bidez, egoera epidemiologikoak hala eskatzen zuelako. Hala, bada, nahitaezkotzat ezarri zen maskarak erabiltzea, edozein izanda ere pertsonen arteko tartea, eta galarazi egin ziren kalean edateko elkarretaratzeak, bi kasu aipatzearren.

1.647 salaketa horietatik, gehien-gehienak, % 86, musukoa jantzita eroateko betebeharra ez betetzeari dagozkio. Zehazki, udaltzainek, 1.416 pertsonari jarri die isuna arau hori urratzeagatik. 130 zehapen, kalean edateko elkarretaratzeengatik izan dira; 31, pertsonen arteko segurtasun tartea ez gordetzeagatik; 28, etxabeetan biltzeagatik; 15, ostalaritzako tegiei, ixteko ordutegiak ez betetzeagatik; 12, kalean erretzeagatik segurtasun tartea gorde barik; 11, ostalaritzako terrazetan tartea ez gordetzeagatik, eta 4, jende kopuruen mugak ez begiratzeagatik.

Alarma egoera agindu zenetik izan diren araudi-aldaketa guztietan gertatu den legez, Udaltzaingoa, lehenengo egunetan, berri ematen eta azalpenak ematen jardun zen, ohartarazpena baliatuz zehapena baino lehenago.

Hain zuzen, zehapenek zer bide egin duten ikusirik, ikusten da joera gehitzekoa izan dela. Esate baterako, ekainean 24 salaketa jarri ziren maskara jantzita ez eroateagatik; uztailean, 282, eta abuztuan, 1.110. Lehenengo bi hilabeteetan (abuztuaren 18ra arte), zehapenen kopurua txikia izan da, beraz, eta asteburuetan baizik ez dira izan bat-bateko gehitzeak, orduan ibiltzen da-eta jenderik gehien kalean.

Era berean, auzoka, salaketa gehiago jarri dituzte jende gehien ibiltzen den auzoetan, hala nola, Abandon (422 isun), Alde Zaharrean (344), Santutxun (120) eta Basurtun (77).

Ordutegiari dagokionez, 17:00etatik 20:00etara jarri ditu zehapen gehien Bilboko Udaltzaingoak, guztira 489.