Bizkaiko Elkarte Artistikoak 75. urteurrena ospatu du

0

Bizkaiko Elkarte Artistikoak duela bi hamarkada sortutako Sari Akrostikoen XXIV. edizioko banaketa-ekitaldia ospatu da dela gutxi, Elkarteak maiatzaren hasieran hiriko kulturgintzan bete zituen 75 urteen ospakizunaren harira.

Aurten, Sari Akrostikoek Maribel Salas eta Ramon Barea antzezleen ibilbide profesionala aitortu eta omenaldia egin die Marino Montero Bizkaiko Elkarte Artistikoaren harreman publikoen arduradunari, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Zinegotziari eta Juan Mari Aburto Alkateari berari.

Arriaga Antzokiko foyerrean egindako ekitaldiaren hasieran, José Ramón López Bizkaiko Elkarte Artistikoaren Presidenteak labur-labur errepasatu du erakundearen historia, izan ere, 1945eko maiatzaren 8an eratu zen Carlton Hoteleko Areto Urdinean, eta diktadura frankistaren hasierako urteetan, Cafe Suizo, Lion D’Or, Concordia, Boulevard eta Hirian zeuden bestelako café parlanteetako tertulien babespean garatuz joan zen.

Jendaurreko agerraldian, Juan Mari Aburto Alkateak gogoratu du Bizkaiko Elkarte Artistikoa “Bilbon izandako aldaketa eta eraldaketa guztien lekukoa izan da: desarrollismo frankista, XX. mende amaierako krisiak eta hiriaren geroko berpizkundea, industriaren errautsetatik suspertuta, hiri zein giza garapenaren naziarteko eredu bihurtu arte”.

Ekitaldian zegoen Ibon Areso Alkateak eraldaketa horretan egindako lana aitortu ondoren, Aburtok zorionak eman dizkie “aurten omendutako artistei –Maribel Salas eta Ramón Barea–, Bizkaiko Elkarte Artistikoari berari 75. urteurrenagatik, eta nola ez, Itziar Urtasun gure lagun eta lankide maiteari, merezimendu osoz jaso baitu Elkartearen urrezko pina, bilbotartasunagatik, elkartasunagatik, sen sozialagatik eta berdintasuna eta kultura ‘etorkizunez kargatutako armak’ balira bezala defendatzeagatik”.

Bizkaiko Elkarte Artistikoaren Sari Akrostikoak 1997an ezarri ziren Josu Ortuondo Alkatearen proposamenez, Aste Nagusian Bilbo antzerkiaren hiriburu bihurtzen laguntzen duten antezleak omentzeko. Handik hona, Sari Akrostikoek kategoria goreneko antzezleen ibilbide profesionala aldarrikatu dute; hala nola, Pedro Osinaga, María Asquerino, Carlos Larrañaga, Maribel Verdú, Pilar Bardem, Ángela Molina, José María Pou, Arturo Fernández, Lola Baldrich eta Gorka Minguez, besteak beste.

Gainera, 2005az geroztik, Sari Akrostikoek bilbotartasunagatik zein gizartearen aldeko jardunagatik nabarmendutako pertsona eta erakundeen lana ere aitortzen dute, eta horien artean daude Amaia Uranga; Luis Olmo eta K-Toño Frade marrazkilariak, Sociedad Bilbaina elkartea, Artxandako Funikularra, Miserikordia Etxea, Arte Ederren Museoa, Arriaga Antzokia, Gorabide Elkartea edota Walk On Project Fundazioa.