Etxebizitza Sailak 400.000 euroko dirulaguntza eman du Zerainen alokairu sozialeko 8 etxebizitza eraikitzeko

0

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 400.000 euroko dirulaguntza eman du Zerainen (Gipuzkoa) alokairu babestura bideratuko diren 8 etxebizitza eraikitzeko. Etxebizitzak amaituta daude dagoeneko, eta, une honetatik aurrera, Zeraingo Udalak (etxebizitzen jabeak) alokairu sozialera bideratu beharko ditu datozen 50 urteetan.

Etxebizitza Sailburuordetzak abian jarritako jarduketa-ildo honen helburua da alokairu babestua sustatzea, biztanleria-dentsitate txikiko udalerrietan jarduketak bultzatzea eta, ahal den neurrian, biztanleen exodoa (eta bereziki gazteena) saihestea, Etxebizitza Plan Zuzentzaileak xedatutakoari jarraikiz.

Etxebizitzen eraikuntza-proiektuan, sustapena gauzatzeko ingurunea hartu da kontuan. Landa-ingurunea da, dentsitate txikiko eraikinak, familia bakarreko etxebizitzak eta oso paisaia-ezaugarri zehatzak dituena. 8 etxebizitza horiek familia bakarreko etxebizitza atxikiak dira, eta zuraren erabilera funtsezkoa izan da eraikuntzan, bioeraikuntza-irizpideei jarraikiz.