Barakaldoko Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren lankidetzak ikastetxetako sarrera eta irteerak errazten ditu

0

Joan den astelehenean ikasturtea hasi zenetik, udaltzainak eta Babes Zibileko kideak ikastetxeekin elkarlanean ari dira, handik sartzen eta irteten laguntzeko. Udalaren Herritarren Segurtasun Arloaren ekimena, ikastetxeekin koordinatuta garatzen ari dena.

Angel Madrazo Herritarren Segurtasun Arloko zinegotziak balorazio ona egin du antolakuntzaren lehen egunei buruz: «Antolaketa-ahalegin handia egiten ari gara ikastetxeei beren sarbideak kontrolatzen laguntzeko, osasun-agintariek Covid-19aren kutsadurari aurrea hartzeko ezarritako neurriak bete nahian. Eskertu nahi dut hezkuntza-komunitatearen aldetik jaso dugun harrera bikaina, bai eta guraso eta haur gehienak erakusten ari diren gizalegezko jokabidea ere «.

Antolakuntzaren helburua da ikastetxeetarako sartu-irtenak modu seguruan egitea, pertsonen arteko distantzia gordetzeko, musukoa erabiltzeko eta gurasoen edo ikasleen alferrikako kontzentrazioak saihesteko beharra gogoraraziz. Ildo horretan, Madrazok aholkatu du pertsona bakar batek laguntzea ikasle bakoitza  ikastetxera sartzeko eta irteteko unean, gurasoei eta ikasleei laguntzeko.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 20 ikastetxe publiko eta hitzartuetan daude Udaltzaingoa eta Babes Zibila aste honetan. Ikastetxe bakoitzaren itzulera mailakatuak eta ordutegi ezberdinek  errazten dute horien hedatzea; 14 udaltzainek eta Babes Zibileko 9 boluntariok  hartzen dute horretan parte.

Hauek dira antolakuntzak xede dituen ikastetxeak: Arrontegi, Larrea, Begoñako Andre Maria, Zuhatzu, Sortzez Garbia, Arteagabeitia, Alazne, Bagatza, Errosarioko Andre Maria, Alkartu Ikastola, Mukusuluba, Ibaibe, Gurutzeta, Juan Ramon Jimenez, Munoa, Salesiarrak, Pauldarrak, Errekatxo, El Pilar eta San Juan Bosco.

«Zentro bakoitzak antolakuntza modu bat behar du, beharren arabera egokitu beharrekoa. Arduradunekin izan dugun harremanari esker, antolakuntza planifikatu eta koordinatu ahal izan dugu, pandemiagatik bizi ditugun egoera berezi honetan», azpimarratu du Angel Madrazok.