ERTIBIL JAPAN Rekalde Aretora iritsi da

0

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Samurai Festa erakusketa aurkeztu du, Juan Pablo Ordúñez / MawatreS eta Borja Gómez Diez artistekin batera. Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ERTIBIL BIZKAIA 2019 lehiaketaren sari gisa Japonian garatutako arte-egonaldien ondorioz sortu da. Artistek 2019ko uztailetik eta abuztura bitartean egin zituzten egonaldiak herrialde horretan.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak azaldu duenez, `ERTIBIL JAPAN Kulturen trukea aberasten dauan esperientzia da, dudarik barik, eta oso tresna interesgarria da sormenaren hazkunderako. Ekimen honegaz, Foru Erakundeak artisten arteko eta kulturen arteko elkarrizketea sustatu gura izan dau, Bizkaiko talentuak beste herrialde batera bidaiatu daian, aberasteko eta barriro itzultzeko, hona, Rekalde Aretora, artetik bizi gura daben artistak merkaturatzeko plataforma honetara.’

Juan Pablo Ordúñez / MawatreS Yokohamako Koganecho Art Center-en izan zen; Borja Gómez Diez, berriz, Youkobo Art Space-n, Joshibi-ko Artearen eta Diseinuaren Unibertsitatearekin lankidetzan. Tokion dauden sormen-espazio horietan bizi izan zituzten esperientzia pertsonaletan egituratuta daude Samurai Festa erakusketako obrak.

Samurai Festa/ Ertibil Japan bidez, lotu egiten dira Juan Pablo Ordúñez / MawatreSek eta Borja Gómezek nazioarteko sormen plastikoaren arloko egonaldietan garatutako proiektuaren, ikerketaren eta emaitzen ideiak.

Erakusketa hau dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak argitalpen bi editatu ditu, non jasotzen diren sortzaile bien arte-praktiken irudiak eta Iker Fidalgo eta Alberto Díez Gómezen testu batzuk.

Erakusketa 2020ko urriaren 12ra arte bisitatu ahal izango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoan.