Eskoletara sarbideak hobetzeko oinezkoentzako eta bizikletetarako ibilbideak sortzea aztertzen ari da Barakaldo

0

Ikasleak eskolara iristeko garraio jasangarria eta bide seguruak nola sustatu ari da aztertzen Barakaldoko Udala. Gaur goizean eman die Amaia del Campo alkateak oposizioko alderdi politikoei ekimenaren berri,  ikasturtea hasterako abian jarritako neurriei buruz jarduteko egindako batzar batean.

Etengabea da Hezkuntza Arloak eta hiriko ikastetxeek daukaten harremana. Harremanaren fruitu, udalerrian Bide Seguruak izenaz ezagutzen diren oinezkoentzako ibilbideak sortzeko aukera aztertzea, ikasleak eta haien senideak ahalik eta ibilgailu gutxien edo batere ez erabiltzea lortzeko, eta eskola-umeek  oinezkoentzako iriste-bideak izateko.

Ildo horretan, ikastetxeetan txirringetarako aparkalekuak egiteko aukera ere ari dira aztertzen, ikasle nagusiek garraiobide jasangarri hori erabil dezaten bultzatzeko. «Horrelako neurrien bidez, ikastetxeen sarbideetan pilaketak edo egoera deserosoak saihestea lortu nahi dugu, maiz automobil ugari pilatzen baita bat batean», adierazi du Del Campok.

Horrez gainera, ikastetxeen garbiketa eta desinfektatze lanak zertan diren azaldu die alkateak, zerbitzua indartu egin baitzuen udalak, udal instalazio eta lokalak garbitzeko indarrean den kontratua zabalduz.  «Aipatu lanengatik milioi euro gehiago erantsi beharko zaio kontratuari, egoerak bere horretan badirau 2021 urtean. Ahalegin ekonomikoa egiten dugu, gure ikasleak eskolara osasun baldintza onenetan itzul daitezen», azpimarratu du alkateak. Zehazki, ikastetxeei dagokienez, 35 zerbitzu ordu gehitu zaio zentro bakoitzari, alegia, jardunaldi osoko pertsona bat zentro bakoitzeko.

Covid-19a dela eta, esate baterako, ikastetxeetako ordutegiak aldatu behar izan dira,  eta ondorioz, eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera utzi.  Udalaren ardurapekoa den Atezaintza zerbitzua ere berrantolatu behar izan da, eta ikastetxe barakaldarretan lan egiten duten atezainen ordutegiak egokitu.