Etxebizitza bat okupatzea saihestu dute Barakaldon

0

Etxebizitza bat okupatzea saihestu zuen lehengo astean Barakaldoko Toki Poliziak, Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloak adierazi zuenez.

Herritarren laguntzari esker ahal izan zen jarduketa. Eguerdiko 12:30ak aldera jaso zuen etxebizitza bat okupatzen saiatzen ari zirelako abisua Toki Poliziak. Berehala joan zen patruila bat gertakarien lekura, eta etxebizitzaren inguruetan emakume bat ebilela ikusi zuen.

Etxea errentan hartua zuela adierazi zien emakumeak agenteei. Baina,  giltzarik ez zuela egiaztatu zuten udaltzainek, eta sarrailetako bat behartua zegoela konturatu ziren.

Ondoren, etxebizitzara sartu zen Polizia, eta bertan ez zegoen inor. Ez zuten, gainera, etxean norbait bizi zela ager zezakeen dokumentazio edo gauzarik aurkitu: identifikatutako emakumea hura okupatzen saiatzen ari zela adierazten zuen beste zantzu bat.

Hori ikusita, jabeak aurkitzeko kudeaketak egin zituzten poliziek, eta haiekin harremanetan jartzerik izan ez zutenez, Udal Zerbitzuetako langileek jarri zituzten etxebizitzara ez sartzeko neurriak.

Guardiako Epaitegiri jakinarazi zaizkio gertakariak, eta ustezko usurpazio delitu bat egotzi diote emakumeari, saiakera eta kalteak leporatuz.

Udaleko Herritarren Segurtasun Arloak gogorarazi du oso garrantzitsua dela herritarren laguntza etxebizitzak okupatzea saihesteko, eta Udaltzaingoari deitzea gomendatu du, higiezin bat bortxatzen saiatzen ari direla susmatzen dutenean.