Eusko Jaurlaritzak gaitzetsi egin du Donostian Gregorio Ordoñezen oroimenez dagoen plakari eginiko “eraso onartezina”

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Donostian Gregorio Ordoñezen oroimenez dagoen plakari eginiko “eraso onartezina” gaitzetsi du, eta elkartasuna, hurbiltasuna eta laguntza eskaini dizkio familiari, haren memoriari eginiko erasoaren aurrean. Ordoñez Alderdi Popularreko zinegotzia izan zen, eta ETAk erail zuen duela 25 urte. Beraz, lehenik eta behin, “elkartasun-, hurbiltasun- eta laguntza-mezua” eskaini dizkio familiari, “haren memoriari eginiko erasoaren aurrean”.

Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko, biktimen duintasunarekiko eta haien memoriarekiko errespetua izan behar dugu oinarri; beraz, Eusko Jaurlaritzak kementsu gaitzesten du gaur egun Euskadin oraindik izaten den eraso mota hori.

Gainera, Artolazabal sailburuak biktima guztiei gogorarazi die Eusko Jaurlaritzak jarraituko duela “beren ondoan egoten”, etapa berri honetan. “Jarraituko dugu ahotsa goratzen eta irmotasunez biktimen memoriaren aurkako edozein jarduketa gaitzesten. Jarraituko dugu lanean, Euskadiren etorkizunean horrelako erasoek lekurik ez dutelako uste osoz”.