Japoniako shakkei edo mailegatutako paisaiaren kontzeptuaren inguruko hiru artistaren erakusketa batekin hasiko da Bosteko

0

Bosteko erakusketaren hogeita hirugarren edizioaren ibilbidea hasten da. Erakusketa ibiltaria da eta artearen berri eman nahi du, jendeak, oro har, eskuragarri izan dezan, garrantzi berezia duten praktika artistiko garaikideak ikusgai jarriz  dagoeneko ospe handia duten artisten lanen erakusketaren bidez. Arrigorriagako Udalak, Basauriko Udal Kultur Etxeak, Getxoko Kultur Etxeak, Leioako Udalak-Kultur Leioak eta Ametx Erakunde Autonomoak antolatutako erakusketa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol foru diputatuak eta Amaia Agirre Getxoko Alkateak; aurten Getxon hasiko den Bosteko erakusketaren hogeita hirugarren edizioa aurkeztu dute artistekin batera. Bosteko 2020 erakusketan hiru artistaren lanak aurkeztu dituzte alegia: Javier Landerasen argazkiak, Laura San Juanen margolanak eta Mikel Lertxundiren eskulturak Iñigo Sarriugarte komisario lanetan izanik.

Lorea Bilbao diputatuak adierazi du ` Erakusketa ibiltaria izanik, sortzaileen lanak toki bakarrean erakutsita baino herritar gehiagok ikusi leikiez, behintzat errazago izango dabe,  eta modu horretara artearen eta gizartearen arteko konexinoa indartzen da. Benetan be uste dogu zentzu horretan BOSTEKO, Bizkaiko bost udalerritan izango dan erakusketa ibiltaria, plataforma interesgarria bihurtzen dala, esan bezala hartuemonetan ipinteko gure sortzaileen lanak eta herritarrak. eta erakundeen arteko lankidetza sendotzeko.´

Javier Landeras, Laura San Juan eta Mikel Lertxundiren lanak `Begirada dibergenteak: Shakkei ukitu bat´ izenburupean biltzen dira.  Erakusketa horretan, sortzaile horietako bakoitzaren ikuspegi dibergentetik abiatuta shakkei edo mailegatutako paisaia kontzeptu japoniarraren inguruko berrirakurketa bat sortzen da;

kontzeptu horren arabera lorategi txikiak proiektatzen dira, baina lorategiaren espazio hutsera mugatzen diren funtzioak integratzeko aukera gaindituz elementu mugakideak ere atzematen dituztenak, hala nola tenpluak eta inguruan izaten duten naturaren ezaugarriak.

Erakusketan parte hartzeko aukeratutako lanei dagokienez, Javier Landerasen (Bilbo, 1965) kasuan, japoniar lorategien hainbat argazki erakusten dira, Shironi Hana (2008) eta Kyoto Rikyu (2008-2012) serieen kasuan bezala. Laura San Juanen (Donostia, 1963) kasuan, naturarekin lotutako proposamenak daude; gutxieneko egituren gainean eta pintzelkada txikiz  egiten du lan fabrika-jarduketarekin eta sumi-e pinturarekin lotutako teknikekin, eta horri esker aukera du bere proposamenei zen estetikaren eta pentsamenduaren intentzionalitate aseptikoa emateko. Azkenik, Mikel Lertxundiren (Berriatua, 1951) piezak  erakusten dira, ekialdeko kulturekiko urrunagoko begiradarekin baina, era berean, estetika horretara hurbiltzea lortzen dutenak, harrian, egurrean eta burdinan oinarrituta baldintza formalaren eta erakutsitako materialen antolamenduaren bidez, eta horrek japoniar lorategietan erabiltzen diren material eraikitzaile eta osagarrietako batzuen inguruko simulazio-jokoa errazten du.

Shakkei kontzeptuak, ondoren lorategi bat diseinatzeko espazio zehatz baten mugaketa aipatzen du. Proiektu hau ere era horretan aurkezten da; izan ere, sormen-lanen multzoa Bosteko erakusketa antolatzen duten bost zentroen espazio fisikora mugatzen da, eta piezak espazio jakin baten arabera artikulatzen dira, ikusmenaren eta gogoetaren arteko erlazioan funtziona dezaten eta, aldi berean, ikuslea lorategi japoniar baten simulazioa laztantzen edo iragartzen duen espazio batera eraman ahal izan dadin.

Erakusketa Getxoko Romo Kultur Etxean egongo da ikusgai hilaren 28ra arte; Basauriko Arizko dorretxean, irailaren 30etik urriaren 24ra; Zelaietako (Amorebieta-Etxano) erakusketa aretoan, urriaren 26tik azaroaren 14ra; Kultur Leioako erakusketa aretoan azaroaren 17tik abenduaren 6ra, eta Arrigorriagako erakusketa aretoan, abenduaren 10etik 30era.

Erakusketa honetarako hautatutako hiru artistek  euren garapen produktiboan oinarritzen dute euren proposamen artistikoen heldutasun esploratzaileak bermatutako ibilbidea, prozesu teknikoetan zein kontzeptualetan oinarrituta. 50eko hamarkadatik 60ko hamarkadaren erdialdera arteko euskal sortzaileen belaunaldikoak dira.