Kursaalek Miramar Jauregiaren kudeaketa hartu du

0

Miramar Jauregi Partzuergoak, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duen sektore publikoko erakundeak, ekainean berritu zuen eraikina 20 urtez erabiltzeko emakida. Eta gaur sinatu da Partzuergoaren eta Kursaal Elkargunearen arteko lankidetza-hitzarmena. Horren bidez, Kursaalak bere gain hartzen du Jauregiaren kudeaketa, kultura-jarduerak egiteko eta Donostiaren eta Gipuzkoaren nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren aberastasuna eta irudia indartuko duten kongresu, konbentzio eta ekitaldiak egiteko. Helburua da, hor sortzen den jardueraren bidez pertsonak erakartzea eta balio erantsia ematea inguruneari, bai arlo ekonomikoan, bai ezagutzaren arloan.

Ekitaldian parte hartu dute, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea eta Miramar Jauregi Partzuergoko presidentea, Bingen Zupiria; Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia eta Kursaal Elkarguneko presidentea, Markel Olano; Donostiako Udalako Alkatea eta Kursaal Elkarguneko presidenteordea, Eneko Goia; eta Kursaal Elkarguneko zuzendari gerentea, Iker Goikoetxea.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak akordioaren garrantzia azpimarratu du: «Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala ados jarri gara Miramar Jauregiari beste bultzada bat emateko. Hemendik aurrera, eraikin historiko honek kudeaketa kontrastatua eta arrakastatsua izango du, Kursaalekoa, hain zuzen ere; horrez gain, Donostiak kulturarako, ezagutzarako eta kongresu zein ekitaldiak egiteko beste gune bat irabaziko du».