Miren Dobaran sailburuordeak parte hartu du Euskaraldiaren inguruko material didaktikoaren aurkezpenean

0

Euskaraldiko unitate didaktikoen aurkezpen publikoa egin dute Koldo Mitxelena Kultur Gunean. Euskaraldiak hezkuntza komunitatearen jardunean hizkuntza ohiturak lantzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu eta euskararen erabilera dinamizatzeko haur eta nerabeen garrantzia nabarmendu dute prentsaurrekoan parte hartu duten eragile guztiek. Agerraldian, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusiak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen Institutuko zuzendariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak hartu dute parte material didaktikoen sorreran partaide izandako eragileekin batera: Ikastolen Elkarteko Unai Arellano, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensio eta Irria elkarteko Garazi Urrosolo. Agerraldian izan dira, era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako foru zuzendaria eta Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko arduraduna.

Euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, hezkuntza formalak euskararen garapenean daukan zeregina nabarmendu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak. Ildo beretik, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak zera adierazi du: esparru ez-formala Hezkuntzan egiten den lanaren osagarri ezinbestekoa dela. Zentzu honetan, aurtengo Euskaraldian entitateen lanketan haur eta gazteei zuzendutako eskaintza duten eragileek izango duten garrantzia azpimarratu du.

Ikastolen Elkarteak, Irrien Lagunek eta Gipuzkoako Urtxintxa eskolak prestatu dituzte Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan euskara lantzeko unitate didaktikoak.  Materiala hezkuntza sare osoan erabili ahal izateko utzi dute eskuragarri Euskaraldiko webgunean.

Unitate didaktikoak 3 fasetarako prestatu dira:

  • Lehena, Euskaraldia baino lehen (irailetik azaroaren 20ra) burutuko da. Euskaraldia girotu, egitasmoaren kontzeptuak ezagutu eta bigarren edizioaren zabalkundea sustatzea du helburu fase honetarako prestatuko proposamenak.
  • Bigarren fasea Euskaraldiak iraun bitartean egingo da (azaroaren 20tik abenduaren 4ra). Euskaraldiaren ariketari eutsi, bidean ager daitezkeen oztopo eta konponbideak aztertu eta hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta aktibatzeko diseinatua dago unitate didaktikoaren etapa hau.
  • Hirugarren fasea Euskaraldiaren ondoren gauzatuko da, abenduan. Ariketak iraun bitartean bizitakoa du oinarri, eta hizkuntza portaera emankorrak sustatzeko jarduerak osatzea du helburu atal honek.

Unai Arellano, ikastolen elkarteko ordezkariak azaldu duenez, unitate didaktiko hauek lantzeko eskoletan irakasle zein ikaslez osatutako talde dinamizatzailea osatzea proposatzen dute. “Euskaradinamizatzaileak” izena eman diote sustatzaile talde hauei eta unitate didaktikoetan agertzen diren jarduerak bideratzea izango lukete helburu.

Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensiok, bere partetik, hizkuntza praktiken aldaketan haurrek jokatu dezaketen rol aktiboaren garrantzia azaldu du. Honela, unitate didaktikoek haur eta lehen hezkuntzan eragin handia ukan dezaketela esan du.

Irrien lagunak elkarteko Garazi Urrosolok adierazi duenez, ahalegin berezi bat egin dute unitate hauek hezkuntza ez-formalera egokitzeko, haurrekin modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukera ematen baitu horrek. Asmo horrekin garatu dute Irria aldizkariaren ale monografiko bat aurten. Aldizkaria Lehen Hezkuntzako unitateetan txertatu da tresna pedagogiko osagarri gisa.

Aldizkaria  2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da, eta 4 atal izango ditu:

  • Lagun: Miren Amuriza eta Eider Eibarrek eginiko 2 orriko komikia izango da, eta atal hau baliatuko da ikasleei Euskaraldia lehen aldiz hurbiltzeko.
  • Txoko Txiki Kuttuna: Miren Agur Meabe eta Eider Eibarrek eginiko olerkien bidez, gaian sakontzeko aukera izango dute haurrek.
  • Haur kantak: Joseba Poncek Katxiporretaren abesti bat ilustratu du atal honetan eta Euskaraldiko kontzeptuen hurbilpen ludikoa izango da.
  • Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Txakur Gorria kolektiboak eta Bikainek eginiko 4 orriko ipuina da, eta honen bidez, ariketaren berri emango zaie haurrei. Euskaraldiko aurtengo berrikuntza ere aurkeztuko dute atal honetan: Arigunea.

Aldizkaria urrian kaleratu eta Euskal Herriko ikastetxeetan zabalduko da Kutxa Fundazioarekin eginiko elkarlan bati esker.