Mugikortasun elektrikoa Urola Kostan

0

Trantsizio energetikoaren zutabe garrantzitsuenetako bat da mugikortasun elektrikoa. Zalantzarik gabe, erregai fosilen ordez energia alternatiboak darabiltzaten ibilgailuek bete-betean eragingo dute lurraldearen garapen sozioekonomikoan. Ezin, bada, mugikortasun elektrikoaren trena galdu!

Datorren astean ospatuko den Europako Mugikortasun Astearen karietara (irailak 16-22) aurkeztuko du Urola Kostako Udal Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin osatutako mugikortasun elektrikoari buruzko diagnosi-proiektua. Nola eragingo dio mugikortasun elektrikoaren paradigma berriak Urola Kosta eskualdeari? Azterlana osatzeko hiru lan-lerro nagusi jorratu dira. Gurean, trantsizio energetikoak enpleguan eta enpresa ehunean nola eragingo duen aztertzeaz gain, eskualdeko azpiegiturak datorkigun errealitate berrira nola egokitu beharko genituzkeen ikertu da.