UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen 2020-2021 ikasturteari hasiera eman dio Lehendakariak

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen 2020-2021 ikasturteari hasiera eman dio. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta, ondoren, “UPV-EHU eta COVID-19a: ikaskizunak eta etorkizunerako erronkak” irekitze-hitzaldia irakurri da irakasle talde baten eskutik. Bestalde, aurten, COVID 19 pandemiaren aurka lan egin duten eta lan egiten duten osasun-profesionalak aitortzeko ekitaldia bat eginda. Amaitzeko, Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Lehendakariak hartu dute hitza.

Bere jardunean, Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-sistema ekitatibo eta kalitatezkoarekiko duen konpromisoa, sail guztiak konprometitzen dituen zeharkako helburua. Ikasturte hasiera honetan, aipen berezia egin dio Osasun Sailari, ikasgeletan segurtasuna bermatzeko lanean ari baita; Urkulluren esanetan, » erronka hori lankidetza eta konfiantza giroa sortuz lortuko dugu. Elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik». Ildo horretan, gaur, berriro ere, greba deialdia bertan behera uztea eskatu du. “Greba batek, ez du laguntzen bizi ditugun zailtasunei konponbideak bilatzeko. Batzeko unea da ez zatitzekoa”, azpimarratu du.

Bizi dugun pandemiaren testuinguruan, Iñigo Urkullu lehendakariak Hezkuntza Sailaren, Osasun Sailaren eta Unibertsitateko Errektoretzaren lana jarri du balioan, izan ere, lan horri esker aurrerapauso handiak eman dira COVID-19ren arretan eta erantzunean, bai eta unibertsitate-komunitatearen irakaskuntzari, ikerketari eta funtzionamenduari eusten ere. «Pandemia izan arren, aurrera egiten jarraitzen dugu», azpimarratu du. Zentzu honetan, Urkulluk eskerrak eman dizkie errektore-taldeari, fakultate, eskola eta gainerako unibertsitateetako zuzendaritza-taldeei, irakasle eta profesional guztiei, bai eta Unibertsitate honetako ikasleei ere, une konprometitu eta zail honetan hartutako konpromisoagatik eta egindako ahaleginagatik.

Lehendakariak unibertsitateak Euskadiren egungo eta etorkizuneko gizarte- eta ekonomia-ongizaterako egiten duen ekarpena nabarmendu du. «Badakigu Hezkuntza gizartearen oinarrietako bat dela. Aukera berdintasuna bermatzeko helburua betetzen badu, oinarrizko zutabea da gizarte orekatu eta sozialki kohesionatu baterako «, adierazi du. Hala, Lehendakariak berretsi du ziur dagoela Herri aurreratu batek unibertsitate-sistema sendo eta bikain bat izan behar duela, berrikuntzan, prestakuntzan, kulturan, bizikidetzan eta gizarte-kohesioan lagunduko duena.

Legegintzaldi berriaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak unibertsitatearen esparruan izango dituen funtsezko bost erronkak partekatu ditu lehendakariak: Euskal Unibertsitate Sistemaren Plan berri bat onartzea; ekitatea, berdintasuna eta euskara bultzatzea euskal unibertsitate-ekosisteman; «Unibertsitatea + Enpresa» estrategia eta unibertsitate-prestakuntza duala indartzea; politika zientifikoan eta bikaintasun-ikerketan sakontzea; eta euskal unibertsitate-ekosistemaren nazioartekotzean aurrera egitea.

Bilboko Bizkaia Aretoan izan da ekitaldia, eta bertan izan dira Juan José Ibarretxe Lehendakari ohia, Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxaso, Bizkaiko Diputatu Nagusi Unai Rementeria, eta Bilboko Alkate Juan Mari Aburto.