Espainiako Futbol Federazioko Kudeaketa Batzordeak gaur onartu du Primera Iberdrola urriaren 3ko eta 4ko asteburura aurreratzea, behin CSDk lehiaketak hasi ahal izateko protokoloari oniritzia eman eta gero, eta parte hartu duten klubekin akordioa lortu ondoren. Horrela, lehoiek orain dela aste batzuk (urriak 18) aurreikusitakoa baino lehen jokatuko dute lehen jardunaldia.
Era berean, lehiaketa-arauak onartu dira. Arau horietan, COVID 19ri buruzko ezohiko xedapenak sartu dira, hainbat kasu kontuan hartuta, partida batean egin daitezkeen aldaketak 5era igo dira (lehen 4 ziren), eta nahitaezko fitxa profesionala duten jokalarien kopurua handitu da, gutxienez 14 jokalari izan beharko baitituzte (aurreko 12en aldean).
Reto Iberdrola, azpitaldetan banatuta
Reto Iberdrolaren edo Bigarren Mailaren formatuari dagokionez, lehiaketa urriaren 17an edo 18an hasiko da, eta aldaketak izango ditu; izan ere, federazioaren menpeko beste kategoria batzuetan bezala, bitan (Iparraldea eta Hegoaldea) banatuko dira. Horrela, bi azpitalde egongo dira, 8 eta 9 taldekoak, hurrenez hurren, gertutasun geografikoaren irizpidea aplikatuz. A azpitaldeak (8 taldekoak) 14 partida jokatuko ditu guztira 14 jardunalditan eta B azpitaldeak (9 taldekoak) 16 partida jokatuko ditu 18 jardunalditan. Araudiari dagokionez, 5 aldaketa ere egin ahal izango dira eta nahitaezko fitxa profesionalak gutxienez 6 izango dira (aurreko 4en aldean).
Bestalde, bi fasetan jokatuko da lehia, liga erregularreko lehena eta etapa espezifikoak dituen bigarren bat. Bigarrenean, Iparraldeko eta Hegoaldeko multzoetako bakoitzean, azpitalde bakoitzeko lau onenek igoera multzo edo azpitalde berri bat osatuko dute (8 talde), eta horiek Talde Txapeldun titulua jokatuko dute. Jaitsierako azpitaldea, gainerakoek osatutakoa, Bigarren Mailan jarraitzeko borrokatuko da. Igoera eta jaitsierako azpitaldeak Lehen Fasean lehiatu ez zirenen aurka lehiatuko dira. Igoera edo jaitsiera zehazteko, lehen faseko sailkapena hartuko da kontuan, koefizienteen arabera.