623,5 milioi ikastetxe pribatuen Hezkuntza-itunak finantzatzeko

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuen 2020-2021 ikasturteko hezkuntza-itunak gauzatu ahal izateko gastu aurreikuspena. Gastu aurreikuspena 623.540.584,77 eurokoa da, 7.159 gela ituntzeko.

2020ko martxoan, 2020-2021 ikasturtean itundu beharreko gelen eskariak aurkezteko epea ireki zien Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxeei. Honako  ikasketa hauek itundu daitezke: Haur Hezkuntza (bigarren zikloa), Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Era berean, Hezkuntza Bereziko gela egonkorrak eta zereginen ikasketarako gelak ere ituntzen dira.

Eskaera horien ebazpena egin ondoren, 2020-2021 ikasturte honetan 314 itunpeko ikastetxe daude Euskadin: 34 Araban, 160 Bizkaian eta 120 Gipuzkoan. Orotara, 7.159 itunpeko gela batzen dituzte guztien artean, gorago aipaturiko unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetakoak.

Hezkuntza-itunen bidez, ikastetxe pribatuetako irakaskuntza-jardueratik eratortzen diren gastuak finantzatzen dira, aurrez aipaturiko etapa horietan. Ikastetxean osaturiko talde kopuruaren arabera kalkulatzen den diru-kopuru hori, pertsonal gastuetara (izan irakasle edo ez irakasle),  nahiz ikastetxeen ohiko funtzionamenduak eragindako gastuetara bideratzen da.