Dispositibo flotatzaile berri bat entseatuko dute bi urtez BiMEPen instalazioetan

0

Euskadik BiMEP itsas energien entsegu-plataforman, zeina Armintzako kostaldearen parean kokatuta dagoen, hartuko ditu Wello garapen teknologikoko enpresa finlandiarrarena den olatuen energiaren kaptadore flotatzaile berri baten probak. Kontratua sinatu ondoren, dispositiboa urriko bigarren hamabostaldian jasotzea espero da.

Zerbitzuak emateko kontratua olatuen energiaren Penguin kaptadorearen Wello enpresa finlandiar jabearen eta BiMEP itsas energien entsegu-plataformaren arduradunen artean –BIMEP, S.A. sozietate publikoa- zenbait hilabetez izandako negoziazioen ondoren gertatu da, plataforma % 75ean EEE Energiaren Euskal Erakundearen eta % 25ean IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren jabetzakoa delarik. Azkenik, eta Europako zenbait instalazio aztertu ondoren, BiMEPek eskainitako zerbitzu-eskaintza aukeratu dute datozen 24 hilabeteetarako.

Bi asteko zeharkaldia egingo du dispositiboak Eskoziako iparraldean duen kokalekutik. Ondoren ainguratuko da BiMEPen, hain zuzen ere, elektrizitatea sortzeko —eolikoa zein olatu bidezkoa– dispositibo flotatzaileen entseguetarako mugatutako eta Armintzako kostaldetik itsas barrura 1,5 km-ko distantzian dagoen gunean.

Olatuen energia-bihurgailua

Penguin 2 olatuen energia-bihurgailu patentatu bat da, urte batzuetan Eskozian entseatutako lehen gailu baten eboluzioa, itsas probak perspektiba onekin gainditu zituena. Kanpotik itsasontzi baten oso antzeko itxura duen krosko flotatzaile bat da, baina diseinu optimizatuarekin olatuen energia gehiago atzitzeko, barruan dispositibo birakari bat duelarik. Mugimendu birakari bat eragiten dute olatuek kroskoaren barruan, eta, sorgailu bati konektatuta dagoenez, elektrizitatea sortzen du horrek. Gailuaren potentzia maximoa 1 MW-koa da eta sortutako energia, saiakuntza bat izan arren, milioi bat kWh-ra irits daiteke. BiMEPek dituen itsaspeko azpiegiturei esker, kable bidez eramango da energia hori lehorrera, eta banaketa orokorreko sarera irauliko da.

Barruan transmisio hidraulikorik, artikulaziorik edo engranajerik ez izateagatik nabarmentzen da dispositibo hau, eta bakarra bihurtzen du horrek bere motakoen artean.

Wello enpresak euskal uretan jarraitu nahi du dispositiboaren energia-ekoizpena egiaztatzen, kontrol-softwarea frogatzeaz gain. Era berean, itsas zabaleko ingeniaritzan eta jardueretan liderra den Saipem enpresa italiarra Wello enpresarekin elkartu da Penguin 2 aparatuaren itsas eragiketak egiteko. Inplementazio honen esperientzia erabiliko dute mundu osoan Penguin aparatu gehiago ezartzen laguntzeko.