Ikasiker, ikerketa lanetan laguntzeko beketarako deialdia

0

Gobernu Kontseiluak,  Hezkuntza sailburuak proposatuta, ikerketa lanetan laguntzeko Ikasiker beketarako deia egiten duen Agindua onartu du gaurko bileran.

Ikasiker bekak unibertsitate ikasleei zuzenduak dira, ikasketekin aldi berean (2021eko urtarriletik  irailaren 30era bitartean) honako ikerketa talde hauetan laguntza emateko prest dauden ikasleentzat: Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroetan (BERC), Ikerketa Sanitarioko Institutuetan (ISI) edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa egiaztatutakoetan.

Programaren helburua da unibertsitate-ikasleak euskal ikerketa-sisteman egiten den oinarrizko ikerketa aplikatuaren arloko lanetan hastea. Aurtengo deialdi honetan beka kopurua handitu egin da aurten: A modalitatean 30 beka gehiago izango, dira eta B modalitatean 10 gehiago; finantza-zuzkidura lankidetzaren hilabete-kopurura egokitu da, eta ikasle bakoitzak hilean jasoko duen kopurua % 20 handitu.

300.000 euroko diru-kopuruarekin, 200 beka eskainiko dira, honako modalitate hauetan:

  • A modalitatea (ikasturtean zehar, 2021eko urtarriletik ekainera): 150 beka.
  • B modalitatea (udan, 2021eko ekainetik irailera): 50 beka

Beka hauek eskuratu nahi dituzten ikasleek unibertsitateko graduko titulazio ofiziala lortzera bideratutako ikasketa-plan bateko azken bi urteetako batean matrikulatuta egon beharko dute, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean edo Estatuko unibertsitate batean. Bekaren onuradun izateko, Euskadin izan beharko dute administrazio-egoitza, eta lankidetza proiektu bat aurkeztu, lankidetza hori  gauzatu nahi den ikerketa zentroak behar bezala ziurtatua.