Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ETB-1eko Egun on Euskadi saioan parte hartu du, eta gaurkotasun politikoarekin lotutako hainbat alderdi aztertu ditu. Zupiriak, gainera, kulturaren eta euskararen munduak bizi duen egoeraz hitz egin du. Ostiralean hasiko den Zinemaldiari dagokionez, antolatzaile eta erakundeen apustua azpimarratu du: «Donostiako Nazioarteko Zinemaldia ospatu egingo da, eta anbizioz gainera. Hori posible izan da jaialdiaren zuzendaritzak segurtasun-baldintzetan antolatzeko egindako apustuari, erakundeen apustuari eta ikus-entzunezko sektorearen laguntzari esker. Gainera, beste behin ere euskal zinemaren presentzia zabala izango duen Zinemaldia izango da».