EEE Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu urritik aurrera erregai alternatiboez elikatutako ibilgailuentzako MOVES plana

0

Mugikortasun efizientearen eta iraunkorraren aldeko neurriak sustatzea helburu duen MOVES programaren laguntzak datorren urriaren 20an sartuko dira indarrean eta Euskadin Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu laguntza horiek. 4,5 M€ko aurrekontua duen programaren bidez, honako hauek lagunduko dira diruz: energia alternatiboez elikatutako ibilgailuak (ez gasolina edo gasolioa), elektrizitatea kargatzeko guneen instalazioak, bizikletak mailegatzeko sistemen inplementazioa eta lantokietarako mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak.

Gaur Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitara eman ondoren, MOVES programaren laguntzez baliatzeko eskaerak urriaren 20tik aurrera egin ahal izango dira www.eve.eus webgunearen bitartez eta urtebete izango da indarrean, gaurtik kontatzen hasita. Gainera, atzeraeraginez erabili ahalko da partikularren aldetik, ekainaren 17tik erositako ibilgailuen kasuan. Programaren dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu bera duten beste programa batzuenekin.

Euskadin bideratuko den diru kopurua 4,5 milioi eurokoa da, eta dirulaguntza jaso dezaketen 4 jarduerak honako hauek dira:

  1. Energia alternatiboez elikatutako ibilgailuen erosketa: 2 M€.
  2. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneen ezarpena: 1,8 M€.
  3. Bizikletak mailegatzeko sistemen inplementazioa: 226.200 €.
  4. Lantokietarako mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak: 452.400 €.

Euskadin, Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu dirulaguntza horiek, eta IDAE Instituto para Diversificación y Ahorro de Energíaren funtsak ditu.