Gogoraren erronkak dira Eusko Legebiltzarraren Memoriaren eta Bizikidetzaren Lantaldearen akordioa lortzea eta memoria historikoaren eta demokratikoaren lege berriaren onespena sustatzea

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuaren erronkak legegintzaldi honetan honako hauek direla azaldu du: pasa den legegintzaldian lortu ez zuen Eusko Legebiltzarraren Memoriaren eta Bizikidetzaren Lantaldearen akordioa lortzea eta memoria historikoaren eta demokratikoaren lege berriaren onespena sustatzea.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutura eginiko bisitan, eta bertako lantaldea eta Giza Eskubideen eta Biktimentzako Arretaren Zuzendaritzarena ezagutu ondoren, Artolazabalek honako hau esan du: “biktimen politiketan aurrerapen handia egon da lehen maila politikoko eta interes mediatikoko eremuan. Helburua da terrorismoaren biktimekiko eta biktimen elkarteekiko harremanari eta konpromiso publikoari eustea”. Eta terrorismoaren biktimek parte hartzeko Euskal Kontseilua horretarako foroa da”.

Gainera, sailburuak gogorarazi du Polizia Abusuen Biktimei buruzko Legeak Konstituzio Auzitegiaren bermea jaso berri duela, eta “erronka legegintzaldi honetan hura zabaltzea” dela.

Esan duenez, “Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sail berriaren ekitza-arlo guztiak bat datoz giza eskubideekiko begirada berean eta giza duintasunaren defentsan eta sustapenean”.

Artolazabalek esan du sail berriak arlo horretan izango duen ekintza pasa den irailaren 1ean EAJren eta PSE-EEren artean sinatutako gobernu-akordioak ezarriko duela, zeina “ibilbide-orria” izango baita.

“Pertsona guztien giza eskubideak, eta errotik, bizikidetzaren aldeko apustu erradikala. Hori da, eta ez besterik, Sail honen ekintzaren ardatza, hainbat konpromiso hartzen baititu, pertsonen ardatzean eta bizikidetzaren eta autogobernuaren ardatzean”.

Gogoraren abala

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gogora Institutuak “abal politiko handia” duela bere Kontseiluan, eta, gainera, “lidergo aitortua” duela “erakundeen eremuan memoriaren, giza eskubideen eta bizikidetzaren arloetan” adierazi du. Zentzu honetan, zera gehitu du: “Gogora Institutua finkatuta dago eta adostasun publikoko ibilbide garrantzitsua egin du”.

Gaurko ekitaldia, Artolazabalek Espainiako Gobernuak aprobatu berri duen memoria historikoaren inguruko lege-proiektu berria begi onez baloratu du, bereziki, “Euskal eredua aintzat hartu izana”, izan ere, Euskal Autonomi Erkidegoan bi hamarkada daramatzagu arlo honetan lanean, adibidez, 36ko Gerrateko desobiratzeak burutuz.