Euskal Autonomia Erkidegoko 101 euskaltegiek inoizko eskaintzarik malguena eta seguruena jarri dute ikasleen eskura

0
PRUEBA

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak 2020-2021 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du gaur, Gasteizko AEK Zadorra Euskaltegian. ‘Euskara ikasteko zure formula’ da aurtengo kanpainaren leloa, euskaltegiek ahalegin handia egin baitute ikasleei malgutasunik handiena eta eskaintzarik zabalena errazteko. Era berean, Euskadiko euskaltegien sarea koordinatzen duen HABE erakundeak eta euskaltegiek berek apustu sendoa egin dute osasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko, ikasleak seguru senti daitezen ikasprozesuan.

Sailburuarekin batera, aurkezpenean parte hartu dute AEKko ordezkari Iñaki Urkijok eta Ainhoa Zamarreño AEK Zadorra Euskaltegiko ikasleak. Halaber, ekitaldira bertaratu dira Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta hiriburuetako udaletako ordezkariak, zein EUDEL, UEMA eta euskaltegien ordezkariak ere. “Ikaslea erdigunean jarri eta inoizko eskaintzarik malguena jarri da herritarren eskura. Helburua da ikasleak seguru sentitzea, eroso, eta erraztasun guztiak izatea euskara ikasteko prozesuan. Era berean, ikasleek doan ikasi ahal izango dute B2 mailara arte, asistentzia bermatzen badute eta maila gainditzen badute. Hortaz, euskara ikastea segurua, erosoa, malgua eta, kasurik gehienetan, doakoa izango da”, adierazi du Zupiriak.

Malgutasuna

Covid-19ren eraginez sortutako ez-ohiko egoerari erantzuteko eta osasun-neurriak kontuan hartuta, ikastaro ez-presentzialei  eta mistoei leku handiagoa emango zaie ikasturte honetan, era horretan errazago bete ahal izango direlako osasun eta segurtasun neurriak. Funtsean, lau eratako ikastaroak eskainiko dira, baina horien baitan malgutasun handia eskainiko da. Lehenik eta behin, ohi moduan, aurrez aurreko ikastaroak eskainiko dira, beti ere segurtasun baldintza guztiak bermatuz ikasgeletan. Era berean, jardun biko ikastaroak eskainiko dira, aurrez aurreko jarduna zein ez-presentziala uztartuz. Hirugarrenik, autoikaskuntzan oinarritutako ikastaroak eskainiko dira, inoiz baino aukera gehiago eskainiz norberaren ordenagailutik ikasteko. Azkenik, bideokonferentzia bidezko taldeak osatuko dira, ikasgela birtualen bitartez eta irakasleen laguntza eskainiz. Talde eta ordutegi finkoetan eskainiko dira.

Horrez gain, ohi moduan, barnetegiak eskainiko dira, bai eta talde eta enpresentzako ikastaro berezituak ere.

Osasun neurriak

Euskaltegi guztiek osasun neurriak bermatuko dituzte Covid-19ari aurre egiteko. Euskaltegi bakoitzak bere kontingentzia plana gauzatuko du, osasun arau guztiak betez. Helburua da ikasleak lasaitasunez joatea euskaltegietara eta, ahal delarik, ikastaro presentzialak egitea. Eskaintza malgua izango da, ikasleak dituen premien araberakoa, baina lehentasuna izango da irakaskuntza presentziala sustatzea, eraginkorrena delako.

Doakotasuna

Ikasleak euskara eraginkortasunez ikasten badu eta maila gainditzen badu, matrikularen diru-laguntza jasotzeko aukera izango du. Eusko Jaurlaritzak zein gainontzeko erakundeek egingo duten ekarpenari esker, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte, beti ere ikasleek bi baldintzak betetzen badituzte: % 75eko asistentzia bermatu eta B2 mailara arte dagokien maila gainditu (ikasprozesuan aurrera egin).

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek aspaldi zuten hartua konpromiso hori, eta azken urteotan elkarlanean aritu dira gauzatzeko. Urte hasieratik baldintzak betetzen dituzten ikasleek aukera dute euskara doan ikasteko B2 mailara arte. Doakotasun eredu hori lortu ahal izateko, erakunde bakoitzak ekarpen ezberdinak egingo ditu, guztira ia lau milioi euro jarriz (3.928.000 euro). Eusko Jaurlaritzak 3.000.000 euro jarriko ditu aurten (iaz baino 525.000 euro gehiago; 2018an baino 1,2 milioi gehiago); Arabako Foru Aldundiak, 185.000 euro; Bizkaiko Foru Aldundiak, 480.000 euro; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 42.000 euro; eta, azkenik, udalek 221.000 euro. Ekarpen horiez gain, erakundeek bestelako diru-laguntzak emango dituzte C1 eta C2 mailetako ikasleentzat (Jaurlaritzaren kasuan, esate baterako, beste 150.000 euro), baina kasu horietan ezin izango da bermatu erabateko doakotasuna.

Ikasleen profila

Iragan 2019-2020 ikasturtean, 36.808 ikaslek eman zuten izena Euskadiko Autonomia Erkidegoko  101 euskaltegietan, aurreko ikasturtean baino 1.284 ikasle gehiago eta azken urteotako kopururik altuena. Iazko ikasturtean matrikulatutako ikasleen % 66,13 emakumezkoak ziren, eta % 33,52 gizonezkoak. Ikasleen bataz besteko adina 38,77 izan zen. Ikasleen erditik gorak B2 eta C1 mailetan eman zuten izena. Hortaz, mantentzen da azken urteotako joera: denetarik dagoen arren, ikasle askok, batez ere gazteek, maila altua dute, eta beren helburua euskara hobetzea izaten da.

Euskaltegiak

Euskadiko Autonomia Erkidegoan 101 euskaltegi daude, 62 pribatuak dira eta 39 publikoak (udalen menpekoak). Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen HABE erakundea arduratzen da horiek guztiak koordinatzeaz. Era berean, ikasleei ez ezik, diru-laguntzak ematen dizkie euskaltegiei. Aurten 22.158.000 euro bideratuko ditu euskaltegi pribatuetara eta 12.810.000 euro publikoetara; guztira, 34.968.000 euro (iaz baino 1.594.000 euro gehiago).